Xabier Oroz azkoitiarra. (BizkaiaBasket)
Xabier Orozek (Azkoitia, 1996) Europako Txapelketa irabazi berri du, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin. Finlandian jokatu dute txapelketa, eta Lituaniaren aurkako finalean 55 eta 68 nagusituta, urrezko domina kolkoratu du azkoitiarrak.
Zer moduz joan da txapelketa?
Niretzat esperientzia ahaztezina izan da. Selekzioarekin orain arte ez nuen inoiz dominarik irabazi. Gainera, selekzioko azken urtea izanda, izugarria izan da horrela bukatzea.
Egindako lanarekin gustura al zaude?
Jokalariok bagenekien zein izango zen bakoitzaren rola, eta bagenekien partida batzuetan batzuek gehiago jokatuko zutela eta besteek gutxiago. Halako txapelketetan denok nahi izaten dugu ondo jokatu, baina gakoa da gutxi jokatutakoan morala ez jaistea eta ez hasarratzea; izan ere, 24 ordura beste partida izanda, taldekideekin hasarratzea oso indibidualista izatea da.
Nahi adina jokatu al duzu?
Asko edo gutxi jokatu, beti nahi izaten da gehiago. Banekien noiz eta zertarako aterako nintzen kantxara, eta irabaztea zen nahi nuen bakarra. Gustura nago jokatutakoarekin.
Ez da selekzioarekin aritu zaren lehen aldia.
Ez, 14 urtetatik aritu naiz. Oraingoan, banekien deitzeko aukerak nituela, baina ez nekien ezer garbirik.
Absolutua da hurrengo maila. Salto handia al dago 20 urtez azpikoetatik gorenekora?
Ikaragarria da saltoa, eta ez dago horretan pentsatzerik. Pentsa, 20 urtez azpikoen taldeak dominak lortu ditu azken hamar urteetan, eta, hala ere, ia inork ez du eman absoluturako saltoa.
Hurrengo denboraldian ISBn ariko zara?
Oraintxe hartu ditut oporrak, eta ez naiz horretan pentsatzen ari. Andramarien ostean hasiko naiz martxan, baina oraindik ez dakit non jokatuko dudan.