Azkotiko Gerdau enpresako ELAko ordezkariak. (Julene Frantzesena)
ELA sindikatuak Gerdau enpresak Azkoitiko fabrikan langile bat kaleratu izana salatu zuen atzo goizean egindako agerraldian. Sindikatuak dioenez, enpresaren zuzendaritzak «datu faltsu eta iraingarrietan» oinarritu ditu kaleratzearen arrazoiak: «Kaleratutako langileari fabrikazioan gertatu zen akats baten errua leporatu diote, eta nahita eta intentzio txarrez egin zuela esan diote».
ELAk azaldu duenez, kaleratu duten langileak hemezortzi urte zeramatzan Gerdaun lanean, baina ekoizpen akatsak gertatu zirenean zazpi egun besterik ez ziren lanpostu berrian hasi zela, eta «ez zuen jaso formaziorik bertan aritzeko». Gainera, sindikatu abertzaleko ordezkariek azaldu zuten, langile horri 2014ko urrian esker oneko diploma eman ziola enpresak, «jardun onagatik».
Azkoitiko fabrikako ELAren ordezkariek azaldu zuten enpresak ez diela utzi akatsa argitu ahal izateko ikerketan parte hartzen, eta, beraz, «zuzendaritzaren aldebakarreko erabakia bidegabea» dela.
Gerdauk 400 langile inguru ditu, eta azken urtean 30 kaleratu dituela salatu zuten, baita lan baldintzak kaskartu eta soldatak jaitsi dituela gehitu ere. «Inongo konplexurik gabe, lanpostuak suntsitzen ari dira sistema neoliberalak ahalbidetzen dituen arau eta abantailez baliatuz. Etekinak handitzea da euren helburu bakarra», esan dute.
Azkenik, ELA sindikatuko ordezkariek jakinarazi zuten langileen eskubideak «defendatzen» jarraituko duela aurrerantzean, eta ez duela kaleratzerik «onartzen». «Nahi ala ez, borokatzeko garaia heldu da, izan ere, denok kaleratzen gaituztenean atsekabea eta negarra bakarrik geldituko zaizkigu».