Ione Bastida: "Aktiboa izatea oso garrantzitsua da"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko mai. 24a, 11:40

Lotsak alde batera utzita, duela bi urte eta erdi inguru hasi zen Ione Bastida (Azkoitia, 1995) Instagramera argazkiak igotzen. Ordutik, gustura dabil azkoitiarra bere saltsan.

Modari lotutako argazkiak igotzen dituzu, batez ere. Jendeak modako arropak ikusi nahi izaten ditu, eta argazkietan horiek erakusten saiatzen naiz. Asko gustatzen zait modan egotea, eta ez dit esfortzurik suposatzen. Dena den, diru asko eskatzen du moda jarraitzeak. Zein da zure inspirazio iturria? Instagramen estilo desberdinetako profilak aurki daitezke, eta horiekin, blogerrekin edo desfileetako arropekin inspiratzen naiz. Moda webguneak eta aldizkariak ere jarraitzen ditut. Hala ere, saiatzen naiz beti estilo bereko argazkiak eta beste instagramerrengandik bereizteko modukoak ateratzen. Jendeari hori gustatzen zaio. Komunikazio ikasketak ari zara egiten. Sare sozialekin badute loturarik? Moda komunikazioari lotutako masterren bat egin nahiko nuke. Ideia horrekin hasi nintzen Instagramean. Iruditzen zait moda aldizkarietan lan egitea zaila dela, eta Instagramarekin zerbait lortzea gustatuko litzaidake, nahiz eta horrek ez didan jaten emango. Zer nahiko zenuke lortu? Batzuetan frustrantea da, saiatu eta lana egin arren, betiko lekuan nagoelako. Joan nahi nuke urrunago Instagramean; ekitaldi gehiagotara joan edo marka ezagunagoekin lan egin. Denbora eskatzen du, beraz, Instagramer izateak? Gustatzen zaidalako egiten dut, baina ez da denborapasa bakarrik. Denbora asko eskatzen du. Ni ez naiz honetatik bizi, eta ez diot hainbeste denbora eskaintzen, baina gauzak ez dira ezer egin gabe lortzen. Aktiboa izatea oso garrantzitsua da; zenbat eta argazki gehiago, jarraitzaile gehiago. Jarraitzaileen kontua, ordea, ez al da urrunegi joan? Bai, jendea obsesionatuta dago. Ahalik eta 'Atsegin dut' eta jarraitzaile gehien izatea da orain helburua. Izan ere, zenbat eta argazki gehiago jarri, jarraitzaile gehiago lortzen dira, eta markekin kolaboratzeko-eta beharrezkoa da jarraitzaile asko izatea. Zuk kolaboratu al duzu markekin? Bai. Asko ez dira ezagunak, baina oparitu dizkidate oinetakoak, arropak, poltsak, erlojuak, BBK Liverako sarrerak... Eta Donostiako bi dendaren 'enbajadorea' naiz. Hori bai, ordaintzen dutenak marka handiak dira. Markek badakite pertsona jakin batek arropa bat jantzi eta argazkia ateratzeak izugarrizko eragina duela. Instagramer batzuek produktu batekin igotzen dute argazkia, eta gutxira agortu egiten dira horiek. Ikaragarria da hori. Izugarrizko negozioa dago Instagramen. Instagrama leiho ireki bat da. Ez al dizu beldurrik ematen hainbeste argazki igotzeak? Igotzen ditudan argazki guztiak ondo begiratutakoak dira. Edozer ez dut jartzen, eta saiatzen naiz lokalizazioa kentzen. Horrek segurtasun pixka bat ematen dit. Modari lotutako bloga sortzerik pentsatu al duzu inoiz? Hasieran zalantzan egon nintzen, baina lotsagatik-edo Instagram kontua zabaldu nuen. Instagramer izanda bizi daiteke? Diru pila irabazten dutenak badira, baina oso-oso ezaguna izan behar da horretarako. Orain, Instagram dago modan, eta hemendik urte gutxira, auskalo. Agian, beste zerbait ateratzea dago Instagramari esker, baina... zaila dago.

Hitz gutxitan

Zer egin behar da Instagramen arrakasta lortzeko? Aktiboa izan eta estilo propioa eduki. Zer ez da egin behar? Argazkiak plagiatu. Instagramer erreferente bat? @ines_arroyo. Look bat aukeratzekotan, zein? Total black, hau da, goitik behera beltzez janztea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide