Intsausti ondoko baseliza inauguratuko dute, bi urtez zaharberritu ostean

Ana Abarisketa 2016ko maiatzaren 10a

Larunbatean izango da inaugurazioa, Espiritu Santuaren baselizan bertan. Joxe Lizardik diseinatu zuen XVIII. mendean, Azkoitiko beste hainbat eraikin bezala, hala nola udaletxea.

(Ana Abarisketa) Espiritu Santuaren baseliza inauguratuko dute larunbatean, bi urteko zaharberritze lanen ostean. Intsausti jauregiaren ondoan dago, eta ohiturei jarraituz, Mendekoste bezperako mezaren inguruan egingo da ekitaldia. Herriko baseliza hau gainbeheran zegoen 1983. urtetik, urte horretan herrian izandako uholdeek eragindako kalteen ondorioz. Momentuan konponketak egin zituzten, baina hezetasunak eragindako kalteak saihetsezinak ziren.

Bailareren ekarpena

Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoak joan den agintaldian jo zuten babes eske Gipuzkoako Foru Aldundira. Hala, Azkoitiko Udalak eta aldundiak elkarlanean hasi zituzten zaharberritze lanak orain dela bi urte. Amaitu berri dituzte obrak. Eraikuntzaz gain, kanpaia ere berritu dute. Bailarako bizilagunek jarri dute dirua konponketa horietarako, Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariak jakinarazi duenez. Baseliza bi urtez ezin izan da erabili. 1756. urtean eraiki zuen Joxe Lizardik, zehazki XVIII. mendeko «altxor» txiki bat da Mendizabalen hitzetan. Azkoitiko beste hainbat eraikuntza ere diseinatu zituen Lizardik, hala nola udaletxea, San Jose baseliza eta parrokiko arkupeak. Larunbatean inaugurazioa xumea izango da. 12:00etan hasiko da, Mendekoste bezperako mezarekin. Gero, hamaiketakoa eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide