Jon Andoni Martin: "Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko api. 29a, 10:45

Argazkigintzaren hasierako teknikak probatzeko parada izan du Martinek. Argazkigintza digitala "dena" zela uste bazuen ere, "ezusteko ederra" hartu du teknika zaharrekin.

Jon Andoni Martin Argazki kamerak edonoren eskura diren garaiotan, argazkigintzaren hastapenetara egin du jauzi Jon Andoni Martinek (Azkoitia, 1964). Duela pare bat mende sortutako kolodio hezea teknika erabiliz egindako argazkiekin osatu du Barne marrak erakusketa. Azkoitiko Torre Zuri aretoan ikus daiteke, maiatzaren 8a bitartean. Zertan datza kolodio hezea teknika? Teknika oso zaharra da, 1851. urte ingurukoa. Ferrotipoak —metalezko plaketan egiten diren argazkiak— eta anbrotipoak —kristalezkoetan— egiten dira teknika horren bidez. Argazkiak sortzeko prozesu osoa jarraian egin behar da, kontu handiz, eta, 15-20 minutu behar dira. Dagerrotipoaren ostean, argazkigintzan sortu zen lehenengotako teknika da. Nolakoa da halako argazki bat ateratzeko prozesua? Kamera plakadun bat daukat, egurrezkoa. Ez dauka ezer berezirik: objektiboa eta bi plano fokal. Atzean plaka bat eta aurrean obturadorearen ordez plastikozko tapa bat jartzen ditut, azken horretatik argia sar dadin. Aurretik, baina, osagai kimikoak bota behar zaizkie kristalezko edo aluminiozko plakei. Horrela, material hori argiaren aurrean jartzeko sentsibilizatzen da. Objektibotik sartzen den argia soilik hartu behar du plaka horrek, bestela erre egiten da. Hogei segundo-edo behar izaten dira argazkia ateratzeko, eta modeloak segundo horietan geldirik egon behar du. Horregatik jarri diot Barne marrak izena erakusketari; modeloak barnean duena ateratzen da segundo horietan egindako irudian. Azkoitiarren argazkiekin osatu duzu Torre Zuriko erakusketa. Bai, protagonista gehienak azkoitiarrak dira. Kolodio hezea teknikaren berri izan, eta probatzen hasi nintzen duela pare bat urte inguru. Erosi nuen beharrezkoa zen materiala, eta tailer bat egin nuen. Hainbat azkoitiarri egin nizkien erretratuak. Ikusgai diren irudiak bakarrak eta errepikaezinak dira. Dena den, asko dut oraindik hobetzeko. Jarraitu albistea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide