Iban Garcia: "Pena da euskarak hain toki gutxi izatea Youtuben"

Julene Frantzesena 2016ko api. 19a, 09:46

Sare sozialen zalea eta youtuberra da Iban Garcia (Azkoitia, 1999). EITB1-eko ‘Gu ta gutarrak’ saioan dabil orain buru-belarri. Noiz hasi zinen sare sozialetan murgiltzen? Jaunartzean oparitu zidaten aurreneko kamera, eta edozer grabatzen hasi nintzen etxean. Youtuben saltseatzen aritu ostean,  2011n igo nituen lehen bideoak. Twitter kontua ere zabaldu nuen, bideoak promozionatzeko. Urte guztiotan ikasten joan naiz, eta bideo profesionalagoak egiten ditut orain. Youtubeko kanalaz gain, Twitter, Facebook, Instagram eta Snapchat ditut. Baita neure webgunea ere. DespertaVlogs da Youtubeko zure kanala, ezta? Bai, baina hainbat kanal izan dut. Egiten nituen bideoak zabaldu egiten ziren herrian, eta lotsaz behin baino gehiagotan ezabatu nituen kanalak. Egun batean pentsatu nuen: ‘Nora iritsi behar dugu? Hau egitea gustatzen bazaizu, jarraitu egin behar duzu!’. Hala egin nuen, eta nagoen tokira iritsi naiz. Hasieran, kritika txar ugari jaso nuen, baina denborarekin jendeak ikusi du egiten dudana ez dudala horren gaizki egiten. Zenbat jarraitzaile dituzu? 37.000 izatear nago, baina datorren astean, igoal, 40.000 harpide izango ditut. Istagramen, berriz, 13.000 ditut. Dena den, Youtuben 1.000 harpidedun lortzeko hiru urte behar izan nituen, eta ondorengo prozesua azkarragoa izan zen. Izan ere, zenbat eta jarraitzaile gehiago, errazagoa da zabaltzea. Ostegunero igotzen dut bideoa Yotubera, 20:00ak eta 21:00ak artean; garrantzitsua da jendeak erreferentzia hori izatea. Bideoak egiterakoan, zertan inspiratzen zara? Ia 200 bideo ditut Youtuben. Hasieran beste youtuberrei kopiatzen nizkien ideiak, beraiek adina bisita izango nituelakoan. Orain, zerbait okurritzen bazait, horixe izan daiteke hurrengo bideorako gaia. Mugikorrean idazten ditut burutapenak, eskema egin eta grabatu. Youtuben ni naiz zuzendaria, aktorea, produktorea, gidoigilea... eta ni arduratzen naiz argiztapenaz, kameraz, edizioaz... Denetarik ikasi dut, eta barruan dudana ateratzeko balio izan dit. Batez ere, gaztelaniaz egiten dituzu bideoak. Zergatik? Youtuben euskararekin ez dago etorkizunik. Saiatu dira, saiatu gara, baina orain arte lortu ez badugu... Euskarazko bideo dexente ditut kanalean, baina sei urtean jendeak ikus ditzan lortu ez badugu, zaila ikusten dut aurrerantzean zerbait egitea. Pena da euskarak hain toki gutxi izatea Youtuben. Xoxik irabazten al duzu egiten duzunarekin? Bada Youtubetik bizi den jendea, baina denborapasa da niretzat. Hala eta guztiz, diru pixka bat irabazten dut iaztik. Youtuben dirua lor daiteke publizitate bidez edo markekin hitzartuta. Joan den astean, adibidez, liburu batzuk sustatu nituen bideoan, eta dirua eman didate horregatik. Dena den, batzuetan produktua eta besteetan dirua ematen digute. Normalean, ez dira oso marka ezagunak izaten, eta gazteen artean tokia egiteko gure bideoak aprobetxatzen dituzte, publizitatea baino merkeagoa delako eta irismenagatik. Egiten duzunagatik beldurrik sentitu al duzu inoiz? Hasieran izugarria, ez bainekien non ari nintzen sartzen. Jendeak  'Iban DespertaVlogs!' esaten zidan kalean, eta lotsatu egiten nintzen. Denborarekin ohitu egin naiz kritika onak eta txarrak aditzera. Kalean zerbait esaten didatenak agurtu egiten ditut; izan ere, horrek esan nahi du nire lana baloratzen dutela. Zer motatako jarraitzaileak dituzu? Youtubek aukera ematen du  ikusleen gaineko datuak jakiteko. Nire bideoak ikusi dituztenen %52 neskak dira eta %48 mutilak. Batez ere, 14 urtetik 22 urtera arteko gazteak dira. Neu ere gaztea naiz, eta normala da. Youtuber izatearri, ikusten diozu amaiera eperik? Bideoekin jarraituko dut, seguru. Baina beldurra ere ematen dit. Hain gaztea naiz, eta hainbeste gauza egin ditut... Askotan pentsatzen dut etorkizunerako aukera guztiak gastatuko ditudala. 16 urterekin dena egiten badut, etorkizunean zer? Beno, momentua disfrutatu behar dut, eta gero etorriko da etorri behar duena. ETB1eko ‘Gu ta gutarrak’ saioan hasi zara kuxkuxero lanetan. Zer moduz? Lehenik, youtuberren lehiaketan atera nintzen, eta sariak jaso nituen. Hirugarren edizioan familiarekin hartu nuen parte, ‘Gutartzaindia’ atalean. Oraingoan, berriz, ni platoan egotea nahi zuten, saioan pasatzen denaz hizketan. Oso gustura nago, amets bat bizitzen ari naiz. Telebistan ateratzeak  beste ate mordo bat zabalduko dizkit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide