Itzeder Arrizabalagak irabazi du Martirietako desafioa

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko mar. 5a, 19:19

Martirietako Emeterio eta Zeledonio jaietako egun nagusia joan den ostegunean izan bazen ere, festa giroan murgildurik dabiltza gaur, zapatua, auzotarrak. Izan ere, Itzeder Arrizabalagak eta Joxe Jabier Lorenzok jokatu duten lagun arteko desafioak jendetza gerturarazi du Martirietara. Gabon aurreko kuadrillako afari batean egin zuten Arrizabalagak eta Lorenzok desafiorako tratua, eta gaur eguraldi petrala eginagatik, bete dute hitza. 17:00ak pasatxoan hasi dute apustua: Lorenzo Azkoitiko gasolindegitik hasita Martirietara abiatu da korrika, eta, bitartean, hiru kana erdiko enbor mozten hasi da Arrizabalaga. Lehia estua izan da, baina azkenean hiru minutu pasatxoko aldearekin bukatu ditu lanak Arrizabalagak. Orotara, 22 minutu eta 15 segundo behar izan ditu Arrizabalagak hiru enborrak ebakitzeko, eta Lorenzo 26 minutu eta 09 segundo igarota iritsi da Martirietako plazara. Desafioa jokatzen ari ziren bitartean ez da girorik falta izan auzoan, eta datozen orduetan ere izango da zer gozatu. Izan ere, triki poteoa, afaria, Kupela taldearekin erromeria eta goizaldean baratzuri zopa jana egingo dituzte. Hemen, desafioko irudi batzuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide