Etxebizitzak alokatzeko laguntzak eskatu ditzakete gazteek

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 14a

Esther Lizarralde alkateordea eta Urrategi Alberdi alkatea, laguntzen berri ematen Azkoitiko gazteek etxebizitzak alokatzeagatik jasoko dituzten diru laguntzen deialdia zabaldu du Azkoitiko Udalak, eta dagoeneko egin ditzakete eskaerak. Gazteei euren emantzipazio bideak erraztu eta "helduen mundura" sartzeko prozesuan laguntzeko asmoz, eta Azkoitian alokairuko etxebizitza sustatzea eta irisgarritasun baldintzak betetzeko dituzten alokairuko etxebizitak eskuratu ditzaten erabaki du udalak gazteei diru laguntzak ematea. Hala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei bideratuko dizkie laguntzak, eta besteak beste diru sarreren arabera banatuko dituzte. Ekainaren 1era bitartean eskatu daitezke laguntzak, udaletxeko Harrera Bulegoan. Gehienez urtebeteko epean jaso ahal izango dituzte, eta honako baldintzak zehaztu dituzte: ezin duten jabetzan etxebizitzarik eduki, eta gutxienez etxebizitzako pertsona batek herrian erroldatuta egon behar du azken hiru urtetan. Hala ez bada, eskatzaileek bost urtetan jarraian herrian erroldatuta egondakoak izan behar dute. Etxebiden izena emanda dagoela justifikatu beharko dute, gainera. Etxebizitzek, berriz, bizigarritasun baimena eduki behar dute, eta gutxienezko baldintzak bete behar dituzte. Udalak aurtengo aurrekontuetan onartu zuten gazteek etxebizitzak alokatu ditzaten diru laguntzak, 60.000 euroko partidarekin. Joan zen hilean onartu zuten behin betiko ordenantza, eta Urrategi Alberdi alkateak jakinarazi du "hilabete gutxiren barruan" jarriko dutela abian. Diru laguntzen zenbatekoa errentaren arabera finkatuko dute; hau da, hileko errentaren zenbateko bat aterako dute. Eskatzaileak, gehienez, 27.000 euro arteko diru sarrera gordina izan behar du, eta bikotea baldin bada, gehienezko diru sarrera 34.000 eurokoa izango da. Udalak hilero 350 euro artean lagunduko die gazteei, baina alde zaharrean dauden etxebizitzak errentan hartuz gero, laguntza handiagoak izango dituzte. Era berean, udalak kontutan hartuko ditu etxebizitzak ezgaituentzat egokituta egotea eta haientzako irisgarritasuna bermatzea, eta beraz ezgaitasuna duten gazteek %65era arteko laguntzak jasoko dituzte. Udalak hiru hilean behin egingo ditu ordainketak, eta lehenengoa uztailaren 24an izango da. Kontratua sinatzeko azken eguna, berriz, ekainaren 30a izango da, eta informazio osoa Azkoitia Lantzenen 943 85 71 51 telefonoan aurkitu daiteke. Alokairua sustatzeko abian jarriko dituzten diru laguntza mota bat izango da gazteena, etxejabeek etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko laguntzekin eta lokal komertzialak errentan hartzeko laguntzekin batera. Azken laguntza horiek eskatzeko epea zehazteke du oraindik udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide