«Osinalden bigarren egitea bide honetan jarraitzeko bultzada da»

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 14a

Jendez leporaino zela jokatu zen larunbatean Osinalde Bertso Sariketako finala, Gabirian, eta bertsolari azkoitiarrak bigarren postua eskuratu zuen.Gustura da finala probatu duelako, baina penatan azkeneko aldiz hartu duelako parte. Eneritz Artetxe (Az...

Jendez leporaino zela jokatu zen larunbatean Osinalde Bertso Sariketako finala, Gabirian, eta bertsolari azkoitiarrak bigarren postua eskuratu zuen.

Gustura da finala probatu duelako, baina penatan azkeneko aldiz hartu duelako parte. Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990) bertsolaria Gabiriako XLIV. Osinalde Bertso Sariketako finalean lehiatu zen larunbatean, eta txapeldunorde gelditu zen. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak ere hartu zuen parte.

Zer moduz joan zen saioa?

Oso ondo. Gabiriako Osinalde elkartean izugarrizko giroa izaten da; afaltzeko orduan bete egin zen, eta afalondoren jende gehiago gerturatu zen. 200 lagun inguru elkartuko ginen han. Bertso onak eta txarrak eskertzen dituzten entzuleak elkartzen dira, eta giro aldetik oso-oso gustura nago. Saioari dagokionez, ondo hasi nintzen, eta bizi-bizi aritu ginen. Sei finalistok oso ondo ibili ginen zentzu horretan. Azken batean, entzuleak eskertzen du azkar erantzutea.

Eroso sentitu al zinen finalean?

Ondo sentitu nintzen, erreflexu onekin. Akats batzuk ere egin nituen, baina akatsak beti egoten dira. Azken bertsoan hanka sartu nuen, baina saioa, orokorrean, oso ondo egin nuen. Ofizioetan gustura aritu nintzen, baina bakarka gehiago kostatu zitzaidan. Ez zitzaidan pare-pareko gaia suertatu, baina alferrikakoa izaten da gaiari aitzakia jartzea.

Espero al zenuen txapeldunordea izatea?

Inoiz ez dut ezer espero izaten. Ondo ari nintzela ikusten nuen, eta gozatzen ari nintzen bertsotan, baina emaitzak entzun arte ez dut espero izaten. Oso gustura jaso nuen emaitza. Irabazi zuenak ere merezita izan zuen.

Euskal Herriko gazteen txapelketarik garrantzitsuenetarikoa da, eta hiru aldiz parte hartu duzu. Berezia al da zuretzat?

Aurretik hiru kanporaketa egoten dira, eta nik aurtengoa hirugarrengoa eta azkenekoa izan dut, antolatzaileek parte hartzeko gehienez hiru aukera ematen baitituzte. Aurreko urteetan, Entzuleen Saria lortu baina finalera iristeko aukerarik ez nuen izan, eta aurten finalera iristea ohore handia izan da, jende askok nahi izaten baitu txapelketan parte hartu. Niri hiru aldiz deitu didate parte hartzeko, eta penatan nago gehiagotan ezin izango dudalako.

Zer sentimendu eragin dizu bigarren egiteak?

Maiatzean Gipuzkoako Txapelketa hasiko da, eta harako motibatzeko eta bide honetan jarraitzeko bultzada izan da.

Ateak zabaltzen laguntzen du?

Ari naiz pixkanaka, eta plazetan kantuan ere aritzen naiz. Egia da izena hartzen laguntzen dutela. Gazte pila bat gabiltza bertsotan, eta denentzeko nahi baino plaza gutxiago daude. Dena den, ari gara pixkanaka geure bidea egiten, eta halako sari batek beti irekitzen ditu ateak.

Hurrengo jomuga Gipuzkoako Txapelketa al duzu?

Bai. Maiatzean hasiko da sailkapen fasea. 86 bertsolarik eman dugu izena, eta sailkapen fasean 74 lagun arituko gara. Handik 30ek bakarrik egiten dute aurrera, eta beraz, esperantza handirik ez dut. Sailkapen faseko bi saioak ondo egitea eta aurrera egiteko gai naizela erakustea da nire erronka.

Erniarraitzen bertso eskoletako irakaslea zara. Bailaran lekukorik ba al da?

Bertso eskoletan ume pila bat ditugu. Azkoitian bi talde ditugu, eta Azpeitian beste hiru. Ikasleak baditugu, beraz, baina egia da Erniarraitzen aurreko belaunaldiek sekulako lana egin dutela Erniarraitz bezalako elkarte bat sortzeko, bertso eskolak eratzeko, bertsoak indartu eta bertsozaleak sortzeko. Horri eustea eta belaunaldi arteko transmisioa modu egoki batean egitea ez da erraza, baina horretan ari gara. Orain arte egin dena mantentzea da helburua, eta ikasleak eta bertsozaleak ditugunaren bermea dadugu behintzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide