Azkoitiko ondarea ezagutarazteko panelak eta plakak jarriko dituzte

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 27a

Datorren astean jarriko dituzte plakak eta panelak
(Ane Olaizola) Azkoitian dagoen ondarea bisitariei eta azkoitiarrei ezagutarazteko asmoz, hiru panel eta hogetia zazpi plaka jarriko dituzte herrian. Batetik, herriko hiru gunetan — plazan, eliza atarian eta Balda Plazan— panel bana jarriko dituzte, Azkoitiko eta herriari lotutako pertsonaia ospetsuen elkarrizketetatik abiatuta, "azkoitiartasuna definitzen duen kontzeptuak" azpimarratzeko. Besteak beste, Bizenta Juaristi, San Inazio, Oteiza, Peñafloridako Kondea, Atano III.a dira paneletako istorioen protagonista, eta Paco Paco pertsonaiarekin batera. Horrez gain, herriko eraikin esanguratsuenetan 24 plaka jarriko dituzte, eraikin bakoitzaren informazioarekin. Eraikinen historia eta ezaugarriak azalduko dituzte panelen bidez, eta QR kodearen bidez, Urola Turismoaren webgunean eduki gehiago ikusi ahalko da. Azkoitiko Udalak abiatu du proiektua, eta Zarauzko Arazo zerbitzu-enpresak egin ditu panelak eta plakak. Era berean, hango testuak Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak idatzi ditu. Urrategi Alberdi alkateak adierazi duenez, Azkoitiak duen ondarea azaltzeko beste euskarri bat izango dira plakak eta panelak, eta bisitariei ez ezik, azkoitiarrei ere baliagarriak izango zaizkie. Hurrengo astean jarriko dituzte, Aste Santuak baino lehen, eta hiru hizkuntzatan irakurri ahal izango da informazioa: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Ekimenaren bidez, Azkoitiko ondarea eta azkoitiarren nortasuna islatuko dituen kontaketa osatu nahi dute, eta hori guztia istorio batean bilduko dute. Era berean, hiru balio nagusi hartu dituzte kontutan eraikin eta pertsonaien istorioak eta nondik norakoak azaltzeko: nortasuna, lehiakortasuna eta ekintzailetasuna. Proiektua "herriko historiarekin jolas egiteko abiapuntua" dela azpimarratu du Araziko zuzendari Juanjo Aranburuk. Hala, bigarren fase batean, ikastetxeetarako komiki bat egiteko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide