Defizitaren banaketak Azkoitia «zigortuko» duelakoan da PSE-EE

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 20a

Azkoitiko PSE-EE alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen Foru Araua salatu du, Gipuzkoako herriei dirua banatzerako orduan erabiliko dituen irizpideak «desegokiak» direlakoan. Bildu eta EAJren aldeko botokien herriek inbertsioak egiteko sei milioi euro banatzea adostu dute Batzar Nagusiek, eta banaketa hori «zeharo neurrigabea» dela kritikatu du Azkoitiko Udaleko PSE-EEko bozeramaile Miguel Reimundezek, herri txikiei «mesede» egiten dielakoan. «Biztanle eta zama gehiago dituzten udalerriak kaltetuko dituzte. Defizitaren banaketak Azkoitia zigortuko du», adierazi du. Errezil eta Azkoitiaren kasua jarri du adibidetzat. Honen arabera, Errezilek, 617 biztanlerekin, 66 euro jasoko du herritar bakoitzeko; Azkoitiak, 11.500 biztanlerekin, 10 euro baino gutxiago jasoko du biztanle bakoitzeko, PSE-EEren arabera. Honen harira, gogoratu du udalerriek eskaini behar dituzten zerbitzu publikoak, eta horrek eragiten duen gastu publikoa zehazteko garaian biztanleria erabakigarria dela. «Biztanle kopurua igo ahala, zerbitzu gehiago eskaintzeko obligazioa handitu egiten da. Herri txikiek ez dute zerbitzu sozialak eskaintzeko betebeharrik». Besteak beste, Azkoitiko San Jose egoitzak «defizit garrantzitsua» duela aipatu du Reimundezek. Gaineratu du Foru Funtsak 1.100 biztanle baino gutxiago dituzten herrientzako finantziazio-bermea jasotzen duela. Sistema mailakatuaren alde Horrez gain, Batzar Nagusietan aurkeztu duen proposamena ez dutela aztertu salatu du Azkoitiko PSE-EEk. «Biztanle kopuruaren araberako sistema mailakatua aurkeztu dugu. Horren arabera, Azkoitiaren kasuan, 109.376 euro jaso beharrean 118.760 euro jasoko lituzke». Honen aurrean, Bilduren eta EAJren jarrera salatu du Reimundezek. «Bezerokeria erabiliz, gipuzkoar gehienok kaltetu gaituzte, gutxi batzuen mesedetan. Momentu delikatu hauetan berdintasun eta proportzionaltasun irizpideak erabiltzeko aukera galdu da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide