Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena adostu dute, udalak herrian emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak gara ditzan. Hitzarmenaren bidez, beraz, Azkoitiko Udalak berdintasun teknikaria izango du aurrerantzean.
Dagoeneko sinatu dute hitzarmena, ostegunean Azkoitiko Udalbatzak osoko bilkuran aho batez onartu ondoren. Honen bidez, Aldundiak diruz lagunduko du udala, eta horri esker berdintasun teknikaria kontratatuko du. Akordioan zehaztu bezala, udalak 30.000 euro jasoko du horretarako, eta urtea amaitzerako hartuko du langilea. Honen zeregina berdintasun politikak sendotzea eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borroka egiteko planak eta egitasmoak gauzatzea izango da.
Udalak beharrezkotzat jo du baliabideak sendotzea eta teknikaria edukitzea, berdintasunaren arloan egiten den lana eraginkorragoa izan dadin. «Orain arte Gizarte Zerbitzuetan egiten zituzten arlo honetako lanak, baina gaia ikusarazteko eta eraginkortzeko beharrezkoa da bitartekoak izatea». Izan ere, udalak adierazi du «berdintasunaren formalaren garaiotan» egungo errealitateak bestelako irudia uzten duela. Besteak beste, emakumeen kontrako tratu txarrak, lan baldintza kaskarrak, etxeko lanen eta zaintzaren zama, irudi eta balio estereotipatuak, eta sexu askatasunaren urraketak aipatu ditu. «Emakume aurpegia duten egoerak dira horiek guztiak, eta hori gainditzeko modu eraginkorrenean eragin behar dugu erakundeok».
Hitzarmenaren bidez, beraz, «aurrerapausoa» eman duela deritzo udalak. Adierazi duenez, berdintasunaren arloan genero ikuspegia udaleko arlo guztietan txertatzea izango du helburu; hala nola, kulturan, sozioekonomian, hezkuntzan edota kirolan. Lanketa hori guztia, gero, gizarteko eremu guztietan eragiteko asmoa azaldu dute udal ordezkariek.
Nabarmendu dute «apustu serioa» egin nahi dutela, gizon eta emakumeentzako aukera berdinetan oinarritutako gizartea eraikitzeko. «Udalak eta erakundeok gure erantzukizunak gure gain hartu behar ditugu, eta bitartekoak jarri behar ditugu berdintasun politikak garatzeko, indarkeria matxistari eta emakumeen bazterketari aurre egiteko, eta emakumeen parte hartzea sustatzeko», adierazi du udalak.
Kontratazio prozesua hastear
Hitzarmenak, hasiera batean, urtebete iraungo du. Udalek gisa horretako politikak sustatzeko Aldundiak ematen dituen laguntzen baitan sinatu dute akordioa. Dena den, udalak aurreratu du epe hori amaitzen denean lanpostua mantentzeko ahalegina egingo duela. «Konpromiso garbia adierazten dugu. Ahal badugu behintzat, hurrengo urteetan ere berdintasun teknikaria izatea da gure asmoa».
Berdintasun teknikariak %75eko lanaldia izatea adostu dute. Zerbitzua «lehenbailehen» martxan jartzeko asmoa du udalak, eta aurreratu du datozen asteetan teknikaria hautateko eta kontratatzeko prozesua abiatuko duela. Lehiaketa publiko bidez kontratatuko du teknikaria. Oinarriak datozen egunetan kaleratzekoa da.