Auzolanean aritzeko herritarren proposamenak jasoko ditu Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2013ko irailaren 24a

Udalak herritarren artean auzolanerako kultura berreskuratu dadila nahi du, eta horretarako herrian auzolana arautzen duen udal ordenantza egitekoa da. «Udalaren asmoa da auzolana sustatzea eta herritarrek auzonalerako ohitura izan dezatela berriro; uste dugu herritarren ekimenez egin behar direla halako jarduerak, eta horretarako ezinbestekoa da udalak tresnak jarri eta arautzea», adierazi du udalak. Hala, aurrerantzean auzolanean egin daitezkeen herritarren proposamenak jasoko ditu udalak. Azkoitian lehenengo aldiz izango dute auzolanaren inguruko ordenantza martxan; dagoeneko zirriborroa egin dute, eta etzi egingo duten osoko bilkuran da Udalbatza gaia landu eta onartzekoa. Eskualdean hainbat ekimen egin dute auzolanean azken hilabeteetan. Irudian, Orion egindako ekimen bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Azkoitiko udalaren ekimenez, edo honek baimenduta, herritarrek borondatez egindako prestazio, lan eta zerbitzuak arautuko ditu udalak, beti ere jarduera horiek udalaren eskumenen barruan baldin badaude. Beraz, «udal eskumenerako eta interes publikoa duten edozein ekintza» izango dira auzolanean egingo dituztenak, beti ere auzoaren edo herriaren mesederako baldin bada. Ikuspegi zabala eman nahi izan diote auzolanari, eta horretarako hainbat jarduera zehaztu dutezirriborroan; besteak beste, hondatutako eremuak berreskuratzea, ondarea birgaitzea, landa eremuak mantentzea, gizarte izaerako prestazioak ematea eta kultura edo aisialdirako ekintzak garatzea zehaztu dute. Zerrenda, ordea, irekia izango da, eta proiektuak herritarren ekarpenetatik abiatuta gauzatuko dituzte. «Auzo edo talde batek ikusten badu zerbait egiteko beharra dagoela, eskaera egin ahal izango dute». Hala, herritarren ekarpenak jasotzeko atal propioa sortu du udalak bere webgunean, eta handik helarazi ahal izango dituzte proiektuak. Udalak, proiektuak baloratu ondoren, gauzatu ahal izango dira egitasmoak. Duela zenbait hilabete abian jarritako Danon Herrixe parte hartze prozesuko bilera ziren egitekoa atzo udala eta herritarrak; bertan, auzolanean egin daitezkeen lehen proposamenak eta iritziak jasotzekoa zen udala. Tresnak, udalak Etziko bilkuran hala onartuz gero, Azkoitian erroldatutako eta hamasei urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte auzolanean arituko diren jardueretan, eta adin txikikoen kasuan, gurasoen baimena beharrezkoa izango da. Auzolanean parte hartzen duen bakoitzak bere esku lana jarriko du, borondatez, eta udalak tresnak, makinak eta gainontzeko baliabide materialak jarriko ditu, hala behar izanez gero. Gainera, langileen laguntza eskaintzeko prest da udala. Ezbeharren aurrean, lanean aritzen direnen asegurua hitzartuko du udalak; era berean, udalak dagokion aseguru estaldura bermatuko du, auzolanean ari direnek hirugarrenei kalteak eraginez gero aurre egin dezaten. Hala ere, zirriborroan zehaztu dute herritarren erantzukizun ezaren ondorioz gertatu daitezkeen ezbehar eta istripuen ardurari ez duela izango udalak. Kasu horietan, sortutako kalteen erantzukizuna «ardura gabez» jokatu duen herritarrarena izango da. Herritarren parte hartzea Antolaketari dagokionez, herritarrek udalari euren proposamenak egiteko aukera izango dute urte osoan zehar, udalak zabalduko dituen foroen bidez. Jasotako proiektuak onartuz gero, urte bakoitzean zein proiektu garatuko dituzten erabakiko dute. Dagokion udal zerbitzuak proiektuaren inguruko txostena egingo du, eta alkatetza dekretu bidez onartuko dira. Udalak deialdi publikoa zabalduko du ondoren, eta auzolanean parte hartzeko interesa dutenek horretan aritzeko aukera izango dute. Auzolana amaitutakoan, berriz, teknikariek txostena egitea aurreikusten dute, parte hartzaileen kopurua, auzolanean egindako lana, izandako gertakariak edota helburuen betetze maila zehaztu dezaten bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide