Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak herriko etorkinen inguruko «zurrumurruak» ekiditeko lanketa bat abiatuko du. Horretarako, azterketa bat egingo du lehenbizi. «Ikusi dugu etorkinen inguruan zurrumurru asko dabiltzala kalean, eta horri aurre egin nahi
diogu», adierazi du Urrategi Alberdik, Azkoitiko Udaleko aniztasun zinegotziak. Honek adierazi duenez, Aniztasun Kontseiluan zein Danon Herrixe parte hartze prozesuan herritarrek «kezka» azaldu dute etorkinen inguruko usteen gainean, eta horregatik ekin diote gaia lantzeari.
Galdeketa
- Ezin ditugu etorkin gehiago onartu.
- Etorkinak gizarte-laguntzei esker bizi dira, eta neurriz kanpo baliatzen dituzte.
- Etorkinek lana kentzen digute.
- Immigrazioaren ondorioz, matxismoa eta genero indarkeria areagotu egiten dira.
- Etorkinek ez dute integratu nahi.
- Etorkinek neurriz kanpo erabiltzen dute euskal osasun sistema, eta larrialdi zerbitzuak kolapsatzen dituzte.
- Ikasle etorkinek eskoletako hezkuntza maila jaitsiarazten dute, eta ikastetxetan ghettoak sortzen dituzte.
- Etorkinentzat izaten dira babes ofizialeko etxeak; lehentasuna izaten dute, eta euskaldunek baino aukera gehiago.
- Pilatuta eta baldintza txarretan bizi dira. Aurreko egoera horrek alokairuaren merkatua garestitzen du, eta etorkinak bizitzen jartzen diren auzoen balioa jaisten du.
- Immigrazioak erlijio gaiak berriz ere mahai gainean jartzea eragingo du, eta laikotasunerako prozesua geldiaraziko du.
- Espazio publikoa gainokupatzen dute, eta espazio hori ez dute behar bezala erabiltzen.
- Arauak ez dituzte errespetatzen, ez dute gizalegerik.
Herritarren ikuspegia ezagutzeko, galdetegi bat jarri dute haien eskura. Bertan, inguruan gehien entzuten dituzten esanak aukeratu behar dituzte azkoitiarrek. Horretarako hainbat kutxa jarri dute Elkargunean, udal liburutegian eta udaletxeko harrera gelan, inkesta betetzen dutenek bertan utzi dezaten. Herritarrek hurrengo asteko asteburura artean izango dute horretarako aukera. Ondoren, gehien errepikatu diren erantzunak egia diren edo ez argitzeko azterketa egingo du Aniztasun Kontseiluak. «Azkoitian gehien entzuten diren zurrumurruak zeintzuk diren jakin nahi dugu. Horietatik abiatuta, datuak bilduko ditugu, egia edo gezurra diren frogatzeko». Era berean, zurrumurruei aurre egiteko asmoz, bestelako ekintzak zehaztuko dituzte urtean zehar; hala nola, herritarrei zuzendutako tailerrak jarriko dituzte martxan, SOS Arrazakeriarekin elkarlanean. «Jendeak ondo ulertzeko moduan eta era positiboan egin nahi dugu lanketa», adierazi du Alberdik.
Bizikidetzarako «oztopo»
Aniztasun Kontseiluak bi erronka nagusi ditu ezarrita 2013rako, eta horietako bat «zurrumurruak amaitzea» da, bailara mailan Aniztasun Festa antolatzearekin batera. Izan ere, taldearen ustez, egungo krisiak etorkinen inguruko uste faltsuak areagotzen ditu. «Egoera zaila bizi dugu, eta batzuk krisiaren errudun jotzen dituzte etorkinak, baina hori ez da hala. Aurretik ere bizi izan duten beste krisi batek eraginda etorri dira». Zinegotziak nabarmendu duenez, Aniztasun Kontseiluaren helburua «guztien arteko elkarbizitza bermatzea» da, eta zurrumurruek «bizikidetza sanoa eragotzi» egiten dutela ohartarazi du.