Udal aurrekontuak
- Ogasuna eta pertsonala. 6.177.893 euro
- Hirigintza. 279.760 euro.
- Merkataritza. 62.275 euro.
- Gizarte ongizatea. 913.200 euro.
- Berdintasuna. 46.800 euro.
- Gizarteratzea. 84.500 euro.
- Hirugarren munduarekin kooperazioa. 31.500 euro.
- Ingurumena. 1.094.230 euro.
- Sozio ekonomia. 159.413 euro.
- Parte hartzea. 30.000 euro.
- Lan eta zerbitzuak. 1.301.132 euro.
- Guztira. 12.565.000 euro.
Udalak mikrobus zerbitzu bat jarriko du martxan
Azkoitiko Udalak 2013ko aurrekontuak onartu ditu. Aurrekontu orokorra 15.962.520 eurokoa izango da aurten, eta kopuru horretatik 12.565.000 bere jardueretarako izango ditu, iazko kopuru berdintsua. Urrategi Alberdi Ogasun zinegotziaren arabera, zerbitzuen kalitatea bermatu nahi izan dute aurtengo aurrekontuetan, eta «oreka finantziarioa» izan dute ardatz. Izan ere, zinegotziak adierazi duenez, onartutako aurrekontuek ez dute behartzen plan ekonomiko finantziarioa garatzera. Era berean, «herritarren parte hartzean» eta udaleko alderdien arteko «adostasunean» oinarritutakoak izan direla nabarmendu du. Iazko urrian Danon Herrixe parte hartze prozesua abiatu zuten, eta bertan azkoitiarrek egindako hainbat ekarpen txertatu dute aurrekontuetan. «Herritarrak prozesuan ahalduntzea oso garrantzitsua izan da, eta horretan jarriko ditugu indarrak aurrerantzean ere». Hala nola, herria txukundu eta mantentzeko beharra dagoela azpimarratu dute azkoitiarrek; bide horretatik, espaloiak konpondu eta umeen parkeetako lurra aldatuko dute, besteak beste. Lan eta zerbitzuetarako 1.301.132 euroko partida izango dute. Ogasunaren eta pertsonal gastuen atzetik, arlo horrek izango du partida handiena.
Herritarrek egin duten beste proposamena herriko auzo guztien irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko mikrobus zerbitzua abian jartzea izan da, eta hori ere 2013an gauzatuko dute. Halaber, Elkarguneko lokalei erabilera hobea emateko asmoz, Musika Eskola hara aldatuko dute. Izan ere, udalak adierazi du egungo eraikinak «irisgarritasun» eta «segurtasun» arazoak dituela Bizkargirentzat, eta hori dela eta, Elkargunean amaitu gabe dagoen lokal handia hango irakasle eta ikasleentzat egokituko dute. Urtez urteko proiektua izango da hori.
Bizkargi Musika Eskolak «irisgarritasun» arazoak daudela-eta aldatuko dute Elkargunera. (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiarren beste ekarpen batzuk izan dira baserri bideak garbitzea, hondakinen kudeaketaren inguruko lan talde bat martxan jartzea, herritarren parte hartzea sustatzeko plangintza egitea, elkarbizitza bermatzea edota auzolanean egingo diren egitasmoak diruz laguntzea. Horiek guztiak ere 2013ko aurrekontuetan onartu ditu udalak.
Udalaren lehentasunetako bat behar sozial handiena duten herritarren eskubideak bermatzea izan da, eta horretarako baliabideak mantenduko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek. Halaber, herrian etxe kaleratzeen gaiari aurre egiteko talde bat sortzekotan direla aipatu du Alberdik, eta horretarako ere partida bat bideratuko du udalak.
Pertsonal gastuei dagokienez, arlo ekonomikoan lan egiteko goi-mailako teknikari bat kontratatuko dute, arlo horretako exigentziak «geroz eta handiagoak» direlako, eta lan bolumena ere areagotu egingo dela aurreikusten dutelako. Herriko ekonomia indartzera, berriz, 62.000 euro bideratuko ditu Azkoitiko Udalak. Bilduk eta EAJk aurkeztu duten emendakinaren bidez onartu dute hori. Halaber, Iraurgi Lantzen, Loiola Berrikuntza Fundazioa eta Herrixen merkatari elkartea optimizatzea izango dute erronka.
Lanketa berezia kulturan
Kulturan «lanketa berezia» egin behar dela uste du udalak, eta herriko eragile eta elkarteen parte hartzea «indartzeko» bitartekariak jarriko ditu. «Eskaintza kulturala indartzea dugu helburu, modu parte-hartzaileago batean», dio Alberdik. Honek adierazi du, gainera, aniztasuna eta elkarbizitza bermatzeko askotariko ekitasmoak bultzatuko dituztela, eta berdintasunaren arloan, indarkeria matxistaren aurkako protokoloari jarraipena ematea aurreikusten dute. Euskarari dagokionez, Uemarako zuten partida atzera bota du udalak. Dena den, adierazi dute erakundea «garrantzitsua» dela udalen artean hizkuntza politika «eraginkorra» aurrera eramateko.
Inbertsio nagusia San Jose egoitzako altzariak egokitzea izango da. Horretarako 100.000 euro bideratuko dituzte. Landa bideetarako, berriz, 80.000 euro izango ditu, eta musika eskolako proiektua egiteko, berriz, 80.000 euro. Halaber, irisgarritasun arazoei aurre egiteko, besteak beste, Baztartxon gurpildun aulkientzat egokituko dute lurra.
Azkoitia Bai eta Bildu koalizioen aldeko botoekin onartu zituzten ostegun iluntzean udal aurrekontuak, eta EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. Azkoitia Baiko bozeramaile Julen Garateren arabera, «aberasgarria» da udalean «gehiengorik ez egotea», alderdien arteko eztabaidak «emaitza hobeak» lortzea eragiten duelako. Zentzu horretan, Mikel Zubizarretak, EAJko bozeramaileak, adierazi zuen aurrekontuak osatzeko prozesuan ikusi dutela alderdiek «lehentasun desberdinak» dituztela. «Herriko merkataritza indartzeko kopurua adostu dugu Bildurekin, baina guk nahi baino txikiagoa izan da. Hala ere, urte osoa dugu batzordeetan proposamen zehatzak egiteko». PSEko bozeramaile Miguel Reimundezek, bere aldetik, positibotzak jo zuen prozesua: «Oso landuak eta parte hartzera irekiak izan dira». Dena den, arlo sozialeko partidak ez direla «nahikoak» izan deritzo.
Udal aurrekontuak ez ezik, gainontzeko erakunde publikoen aurrekontuak ere onartu zituzten. Zubiaurre kiroldegiak 957.129,14 euro izango ditu; San Jose egoitzak, berriz, 2.717.000 euro, eta Azkoitia Lantzenek 693.357 euro.
2013ko aurrekontuak onartuta, atzera begiratu du udal gobernuak, eta 2012. urteari errepasoa egin dio. «Urte gogorra eta gora beheratsua izan zen iazkoa». 2011 400.000 euroko likidazio negatiboarekin amaitu zuen udalak, eta 2012a, berriz, 500.000 euroko gerakin positiboarekin. Hainbat faktorek eragin du egoerari buelta ematea. Abenduan diru sarrera batzuk eskuratu zituen udalak, Umpro-ko etxebizitzetatik edota Bernardo Ecenarro enpresako obra baimenetik. Horrez gain, iazko aurrekontuetan «oso zuhur» jokatzearen ondorioa ere badela adierazi du zinegotziak. 2012ko aurrekontuak «errealak» izan direla adierazi du, azken urteetako exekuzio maila altuena izan duelako. Sarreretan, %95,62 gauzatu dituzte, eta gastuetan %91,68. «Zuhurtziaz jokatu dugulako eta aurrekontuetan oso gainean egon garelako ez da kontrako desbideratzerik egon».
Azkoitiko Udal Gobernuak, bestetik, 2013ko aurrekontuak aurkeztuko ditu etzi herritarren aurrean. Kultur etxean egingo dute ekitaldi irekia, 19:00etan.