Joan zen osteguneko elkarretaratzeko irudi bat. (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Cooperativa Azcoitiana Industrial S.Koop enpresako Jesus Mari Goenaga langilearen heriotzaren aurrean, Azkoitiko Udal Gobernuak samina eta elkartasuna adierazi die langilearen senideei, lagunei eta lankideei. Lan istripua baten ondorioz hil zen aurreko astean. Eta halako lan ezbeharrik errepika ez dadin lan egiteko konpromisoa hartu du. Lan istripuen «egiturazko arazoari» aurre egiteko, lan munduan «osasuna eta segurtasuna bermatzen duen eredua» beharrezkoa dela dio Udal Gobernuak.
Bide horretan, «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasuna» ezinbestekoak direla azpimarratu du, baita horien kontrako delituak jazartzea ere. «Gu, Azkoitiko Udala, bide horretan lan egiten saiatuko gara. Lan prebentzioaren kultura langileen artean eta gizarte osoan zabaltzeko ahalegina egingo dugu».
Gizarte, ekonomia eta administrazio publikoek elkarlanean lan egin behar dutela azpimarratu du. «Eremu horietako eragile zein herritarrak hala egitera deitzen ditugu». Enpresei «dei berezia» egin die laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete eta betearaz dezaten.
Elkarretaratzea plazan
Urtarrilaren 27an zendu zen azkoitiarra, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean, lan istripuan izan zituen erreduren ondorioz; burdin edukiontzia apurtu eta gori-gori zegoen burdina gainera erori ondoren, larri zauritu zen langilea, eta hirugarren eta laugarren mailako erredurak jasan zituen gorputzaren %95ean. Beste bi langilek zauri arinak jasan zituzten.
Horren aurrean, elkarretaratzea egin zuten haren senideek eta zenbait herritarrek joan zen ostegun iluntzean, herriko plazan. Dozenaka lagun bildu ziren ezker abertzaleak deitutako protestan,
Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lemapean.