Aizarnazabalgo Alaitsu musika eta dantza eskolakoek gaur ospatu dute Santa Zezilia. Hain zuzen ere, Alaitsuko trikiti eta pandero jotzaileak izan dira 17:30ak pasatuta kalejiran irten direnak.
Lauburu ataritik abiatuta, kalez kale ibili dira, eta bidean joan zaie etxekoen, lagunen eta herritarren segizioa gehitzen. Aizarnazabalen plaza eta inguruak lanengatik hankaz gora dituzten honetan, Troxka aurrean geldituta jo dituzte hainbat pieza Alaitsuko trikitilariek eta panderistek.
Kaleko saioa bukatuta, berriz, soziedade zaharrean merienda zuten zain, eta indarrak berrituta, Santa Zezeilia kantuan ospatzen jarraitzeko asmotan ziren.