Aurten ere Gau Beltza ospatzeko asmoa dute Aizarnazabalen

Aitziber Arzallus

Aizarnazabalgo hainbat ume, iaz, Gau Beltza ospatzen. (Ihintza Elustondo)

LHko haurrek Gau Beltzeko ibilbidea egiteko aukera izango dute larunbat arratsaldean, eta gero, beldurrak erretzeko eta gaztainak jateko elkartuko dira herritarrak. Bezperarako, berriz, HHkoentzako eta LHkoentzako eskulan tailerra eta txokolate jana antolatu dituzte. 

Aurten ere Gau Beltza behar bezala ospatzeko asmoa dute aizarnazabaldarrek. Batez ere, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako egitaraua prestatu dute, eta ez  urriaren 31rako bakarrik, baita bezperarako ere.

Hain zuzen ere, Gau Beltzaren bezperan, ostiralean, 16:30etan frontoian elkartuko dira LHko eta HHko haurrak, eta txokolatea hartzen duten bitartean, hurrengo egunerako materiala prestatzeko eskulan tailerra egingo dute. Larunbaterako, berriz, LHko umeei zuzendutako jarduera bat prestatu dute: Gau Beltzeko ibilbidea. Parte hartu nahi dutenek urriaren 28rako izena eman beharko dute liburutegian, eta larunbatean, 18:00etan, frontoiaren kanpoaldera azaldu beharko dute. Haiek ibilbidea bukatzen dutenean, beldurrak erretzeko eta gaztainak jateko elkartuko dira herritarrak, eta horrela borobilduko dute Gau Beltza.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide