Aizarnazabaldarrek beren herriko udaletxean egin ahal izango dituzte aurrerantzean Mugi txartelari lotutako izapideak. Mugi txartela eskatzeko edota hura kargatzeko aukera eskainiko dute udaletxeko bulegoetan. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Aizarnazabalgo Udalak lortu dute horretarako akordioa.
GGLAk sustatutako aurrez aurreko arreta sarea zabaltzeko planaren barruan kokatu dute akordioa bi aldeek. Azahara Dominguez da erakunde horretako presidentea, eta hark azaldu du Mugi txartelarekin lotutako izapideak "herritarrengana hurbiltzea eta garraio publikoa erabiltzeko aukera erraztea" direla helburuak. "Garrantzitsua da mota honetako zerbitzuak Gipuzkoa osora zabaltzea; izan ere, izapide horiek udalerrietara hurbiltzeak joan etorriak murriztea ahalbidetzen du, eta herritarrei Mugi txartela modu errazagoan eta eskuragarriagoan izapidetzen eta erabiltzen laguntzen die", adierazi du hark.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak lurralde osoan zerbitzuen "estaldura handitzea" du xede. "Duela hilabete batzuk, Gipuzkoako udalekin harremanetan jarri ginen egitasmo honekin bat egiteko aukera eskaintzeko, eta sareak pixkanaka zabaltzen jarraitzen du", azaldu du. Dagoeneko Gipuzkoako hamabost udaletxetan egin daitezke Mugi txartelari lotutako izapide horiek, besteak beste, Ataun, Albiztur, Beizama, Urretxu eta Hernialdeko udaletxeetan, baita hogei bat turismo-bulego eta informazio-puntutan ere.
Unai Alberdi, Aizarnazabalgo alkateordeak, berriz, akordioari esker lortuko dena "herritarrentzat aurrepausoa" izango dela nabarmendu du: "Zerbitzu berri hau ematea garraio publikoa erabiltzen duten Aizarnazabalgo herritarrentzat aurrerapauso bat izango delakoan gaude, bereziki aurrez aurreko arreta eta zerbitzua hobesten dutenentzat", esan du hark.