Aizarnazabalgo Liburutegiak ipuin kontaketa ikastaroa antolatu du. Bi saioko doako ikastaroa izango da Miriam Mendozak gidatuko duena, eta parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.
Aurreneko saioa ipuinen mundua partaideen eskura jartzeko baliatuko dute, eta bigarrena jasotakoa martxan jartzeko. Saio horien datak partaideek adostu beharko dituzte, izen-emate epea bukatzen denean.
Ikastaroaren helburua da partaideak haur literaturara gerturatzea eta saioetan ipuin kontaketa lantzea. Gainera, ikastaroa egiten duen taldetxoko kideek aldian-aldian haurrei eta gaztetxoei ipuin kontaketa saioak eskaintzea ere nahi dute.