AIPEren 20. urteurrena ospatzeko idi proba erakustaldia egingo dute igandean Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal

Uztarri Motzeko XVI. idi probetako lehiakide bat lanean, iazko udaberrian, Aizarnazabalgo probalekuan. (Ibon Errazu)

Matxainen, Garaiarren eta Etxaberen idi pareek neurtuko dituzte indarrak plazako probalekuan, 17:30ean hasita. Sarrera debalde izango da eta "omenalditxo bat" ere iragarri dute antolatzaileek hitzordu berezirako.

Ia urte eta erdiko etenaren ondoren, igande honetan itzuliko dira idi probak Aizarnazabalera. Dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko neurriak eta debekuak tarteko, 2025eko maiatz bukaeran eta ekain hasieran Uztarri Motzeko XVI. idi probak egin zituztenetik ez dute beste ekitaldirik antolatu AIPEkoek (Aizarnazabalgo Probazale Elkartea). Baina elkarteak berak hogei urte bete dituela eta, urteurrena merezi bezala ospatzea erabaki dute, eta aitzakia horrekin idi proba erakustaldia antolatu dute igande honetarako, urriak 4.

Errenteriako (Gipuzkoa) Matxainen, Oiartzungo (Gipuzkoa) Garaiarren eta Aizarnazabal bertako Etxaberen idi pareek neurtuko dituzte indarrak igandeko hitzorduan; txapelik eta mantarik ez dute izango jokoan, baina bai urteurreneko ekitaldirako AIPEk prestatu dituen sariak.

17:30ean hasiko da idi proba erakustaldia eta sarrera debalde izango dute Aizarnazabalgo plazako probalekura joaten direnek. Idi probak ez ezik, igande arratsalderako "omenalditxo bat" ere prestatu dutela iragarri dute AIPEkoek, baina omenduaren edo omendutakoen izenik ez dute aurreratu nahi izan, sorpresa kutsua ez galtzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide