Sanmigeletan murgilduta jarraitzen dute Aizarnazabalen, eta asteburukoak herri kirol erakustaldiarekin eta erromeriarekin borobildu dituzte. Primerako eguraldia lagun, asko izan dira arratsaldea herri kirolei begira pasatzeko hautua egin duten herritarrak, Aizarnazabalgoak zein inguruko herrietatik joandakoak, eta plaza leporaino bete da.
Gaurkoan txapelik ez zen jokoan, baina 18 urtez azpiko hiru aizkolarik errebantxa jokatu dute aizkoran. Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a eta Eneko Esnaola aritu dira nor baino nor, eta Zaldua izan da parean zituen hiru enborrak mozten aurrena. Horiez gain, aizkoran eta harri jasotzen erakustaldia egin dute Ugaitz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a aizkolariek eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Unax Iruretagoiena Izeta VII.ak, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek.
Herri kirol saioaren ostean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak igo dira oholtzara, eta haiek izan dira igandeari ginga jarri diotenak.
Bihar eta etzi ere festak ez du etenik izango Aizarnazabalen. Hona hemen datozen egunetarako prestatu duten egitaraua:
Bihar, astelehena
- 10:00-13:00. Puzgarriak.
- Ondoren, apar festa.
- 15:30-17:00. Puzgarriak.
- 17:00. Txokolatada.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 19:30. Oilar Beltzak taldea.
- Afalondoan, Jotatxo DJa.
Etzi, asteartea, San Migel eguna
- 10:00. Diana herriko trikitilariekin.
- 11:30. San Migel eguneko meza.
- 12:00. 40. Sagardo eta bolo txapelketa.
- 18:00. Sardina jana, plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta.
- 21:00. Jaien amaiera bandera kentzearekin eta bertso eskolako umeen bertsoekin.