Atzo arratsaldetik sanmigeletan murgilduta daude Aizarnazabalen, eta gaurko gauak ere, atzokoak bezala, luzatzeko itxura du. Musean eta eskoban gogor aritu ostean, 19:00 aldera, txosnaren bueltan elkartu dira herritarrak zein bisitariak, Sakatu elektrotxarangaren doinuetara. Minutuek aurrera egin ahala, giroa berotuz joan da, eta kantuan eta dantzan bukatu dute gehienek.
Hori, baina, hasiera besterik ez da izan; izan ere, aurki, 23:00etan, Gozategi igoko da plazan dagoen agertokira, eta harekin joko du goia gaurkoak. Dena dela, kontzertua bukatuta ere, festak jarraitu egingo du; Elepunto DJa arduratuko da goizaldeko ordu txikietara arte Aizarnazabalgo txosnaguneari musika jartzeaz.
Hona hemen datozen orduetarako eta egunetarako prestatu dute egitaraua:
Gaur, larunbata:.
- 17:00. XV. Mus eta eskoba txapelketa.
- 19:00. Sakatu elektrotxaranga.
- 23:00. Gozategi eta Elepunto DJa.
Bihar, igandea:
- 10:00. Diana herriko trikitilariekin.
- 11:00. XVII. Artzain Txakur Txapelketa. Parte hartzaileak: Pupi eta Bittor Bengoetxea, Beltx eta Inazio Irakulis, Zeru eta Asier Dakosta, Jack eta Pello Segurola, Turbo eta Manuel Gorriti, Thor eta Iñaki Irigoras.
- 12:30. Umeen danborrada.
- 18:00. Herri kirol jaialdia. Errebantxa aizkoran, 18 urtez azpiko hiru aizkolari gipuzkoarren artean: Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a eta Eneko Esnaola. Aizkolarien arteko lehia: Ugaitz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a. Harri jasotzaileen erakustaldia: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza.
- Amaitzean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.
Etzi, astelehena:
- 10:00-13:00. Puzgarriak.
- Ondoren, apar festa.
- 15:30-17:00. Puzgarriak.
- 17:00. Txokolatada.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 19:30. Oilar Beltzak taldea.
- Afalondoan, Jotatxo DJa.
Irailak 29, asteartea. San Migel eguna.
- 10:00. Diana herriko trikitilariekin.
- 11:30. San Migel eguneko meza.
- 12:00. 40. Sagardo eta bolo txapelketa.
- 18:00. Sardina jana, plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta.
- 21:00. Jaien amaiera bandera kentzearekin eta bertso eskolako umeen bertsoekin.