Herri antzerkiarekin eta sagardozaleei gorazarre eginda hasi dituzte sanmigelak Aizarnazabalen

Andoni Elduaien

Sagardo txapelketaren antolatzaile taldeko kidea den Eduardo Arrizabalaga Txertudi-k bota zuen Aizarnazabalgo sanmigelei ekiteko suziria. Aurrena, baina, herri antzerkia aurkeztu zuten hainbat gaztek, eta Aizarnazabali kritika egin zioten umore puntutik. Gaur, bihar eta datozen egunetan festarako ekintza ugari izango dira han. 

Aizarnazabal sanmigeletan murgildu da. Atzo, ostirala, abiatu zituzten herriko festak, 20:00 pasatxo zirela udaletxeko balkoitik jaurtitako suziriarekin. Aurten, sagardo txapelketako antolatzaileen eskutik hasi dituzte sanmigelak han, talde horrek 40 urte bete baititu egun hori antolatzeko lanetan.

Udal ordezkariez gain, sagardo txapelketa antolatzen diharduen lantaldeko ordezkari ugari igo zen udaletxeko balkoira, baina Eduardo Arrizabalaga Txertudi-k hartu zuen mikrofonoa. Hark adierazi zuen sagardoa "bizi" egiten dutela, eta udalari nahiz jai batzordeari beren esker ona helarazi zieten. "Sagardo zalea izan gabe, ezin daiteke hainbat urtetan San Migel eguneko txapelketa antolatu. Ikusten duzuenez, ordea, ile zuritzen hasiak gaude, eta eskertuko genuke erreleboa izatea; bada zerbait martxan, eta ea egia izaten den", eman zuen azalpena Txertudik. 

Hori guztia esanda, pare bate bertso abestu zituen Txertudik. Hark esan zuen festaren gogoak biltzen duela taldea, eta 40 urtez "herria asetzen ia hutsaren trukean" aritu direla. "Ez dakit asmatu dugun, baina zintzo saiatu izan gara", adierazi zuen hark. Era berean, Arrizabalagak gogoan izan zituen antolatzaile taldeak egun bizi dituen hutsuneak, eta horietako zenbaiten izenak gogoan izan zituen. "Herriaren nortasuna gordez pozik antolatu gara, gustuko lanaren ondorioz sagardoa nahi izan dugu-eta indartu. Beste behin ere gozatu ezazue, eta festak ondo ospatu".

Bi bertso horien ondoren, Txertudik berak piztu zuen etxafuegoa, eta Aizarnazabal festa giro betean sartu zen. Aurrena, buruhandiak haurren atzetik korrika ibili ziren, eta gero, 21:00etan, herri afaria egin zuten haurrek eta helduek. Lagun ugari elkartu zen afaltzeko, eta eguna amaitzeko, dantzaldia egin zuten Bide Batez taldearekin. 

Herria antzerkia aurretik 

Txupinazoa bota aurretik, baina, herri antzerkia aurkeztu zuten herriko hainbat gaztek, udaletxe aurrean. 19:30 pasatxo zirela hasi zuten antzezlana haiek. Aizarnazabalgo gorabeherak izan zituzten hizpide; hain justu, Aizarnazabalek herri izateko zer behar duen zehazteko, herri kanpotik hara iritsitako bi ikuskarirekin zabaldu zuten lana. Haiek herrian zer lan egingo lituzketen adierazi zuten, baina ikusi zuten bidean herritarrek bestelako nahiak dituztela. Antzezlanak aurrera egin ahala, ikus-entzuleen artetik joan ziren ateratzen banaka-banaka zenbait antzezle, eta umore giroan, erabaki zuten herritarrak aski direla herri bat herri izatea ahalbidetzeko. 

Asteartera arte izango dira festak Aizarnazabalen. Hona hemen gaurko eta datozen egunetako egitaraua: 

Gaur, larunbata:

  • 11:30. XVI. Joxe Larrarate pilota memoriala. Lehen partida: Natale Aranburu eta Olatz Ruiz de Larramendi vs. Nerea Aldaregaia eta Naroa Agirre. Bigarren partida: Aritz Olaizola eta Mikel Carmanzana vs. Xabat Sasiain eta Iker Elizegi.
  • 17:00. XV. Mus eta eskoba txapelketa. 
  • 19:00. Sakatu elektrotxaranga. 
  • 23:00. Gozategi eta Elepunto DJa.

Bihar, igandea:

  • 10:00. Diana herriko trikitilariekin. 
  • 11:00. XVII. Artzain Txakur Txapelketa. Parte hartzaileak: Pupi eta Bittor Bengoetxea, Beltx eta Inazio Irakulis, Zeru eta Asier Dakosta, Jack eta Pello Segurola, Turbo eta Manuel Gorriti, Thor eta Iñaki Irigoras.
  • 12:30. Umeen danborrada.
  • 18:00. Herri kirol jaialdia. Errebantxa aizkoran, 18 urtez azpiko hiru aizkolari gipuzkoarren artean: Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a eta Eneko Esnaola. Aizkolarien arteko lehia: Ugaitz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a. Harri jasotzaileen erakustaldia: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza. 
  • Amaitzean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.

Etzi, astelehena:

  • 10:00-13:00. Puzgarriak.
  • Ondoren, apar festa.
  • 15:30-17:00. Puzgarriak. 
  • 17:00. Txokolatada.
  • 18:00. Bingo musikatua.
  • 19:30. Oilar Beltzak taldea.
  • Afalondoan, Jotatxo DJa.

Irailak 29, asteartea. San Migel eguna.

  • 10:00. Diana herriko trikitilariekin.
  • 11:30. San Migel eguneko meza.
  • 12:00. 40. Sagardo eta bolo txapelketa.
  • 18:00. Sardina jana, plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta. 
  • 21:00. Jaien amaiera bandera kentzearekin eta bertso eskolako umeen bertsoekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide