Sagardo txapelketako kideen eskutik hasiko dira sanmigelak

Nerea Uranga

Iaz, San Migel egunean, Aizarnazabalgo sagardo txapelketa. (Mailo Oiarzabal)

Aizarnazabalgo sagardo txapelketak 40 urte beteko ditu aurten, eta hori antolatzen dutenek botako dute gaur sanmigelak hasteko txupinazoa. "Ohorea" da suziria piztuko dutenentzat. Gaurtik asteartera bitartean etenik ez dute izango jaiek Aizarnazabalen.

Aurreko asteburua ere ekitaldiz betea izan zuten Aizarnazabalen, baina gaur arratsaldean hasiko dituzte ofizialki aurtengo sanmigelak, 19:30ean, udaletxeko balkoitik txupinazoa botata. Hortik aurrera, astearte gauera arte herriko festek ez dute etenik izango. Aurtengo txupinazoak urtemuga batekin egingo du bat; izan ere, San Migel eguneko herriko sagardo txapelketak 40 urte beteko ditu, eta ekitaldi hori prestatzeaz eta aurrera eramateaz arduratzen diren boluntarioek piztuko dute jaien hasiera iragarriko duen suziria.

"Ohorea" izango da txupinazoa botatzea Aizarnazabalgo sagardo txapelketako boluntarioentzako. Hala dio sagardo txapelketaren sorreratik antolaketan boluntario aritzen den Eduardo Arrizabalaga Txertudi-k. "Udalekoek esan zigutenean txupinazoa botatzearen kontua, nik neuk sorpresaz jaso nuen proposamena, poza hartu nuen", esan du.

San Migel egunez, irailaren 29an, egiten dute Aizarnazabalgo sagardo txapelketa, 12:00etan hasita, plazan; aurten, asteartea egokitzen da. Sagardo txapelketarekin batera, plazako bolatokian bolo txapelketa jokatu ohi dute, nahi duten guztien artean. Txapelketa hori antolatzen ere sagardoarenean jarduten duten boluntarioak aritzen dira.

Partaide gutxiago

Sagardo txapelketak hainbat aldaketa izan ditu sorreratik, baina oinarri berarekin segitzen du. "Gaur egun, sei-zazpi etxetako sagardoak aurkezten dira txapelketara, baina izan dira urteak 10-11 etxetakoekin egindakoak. Etxe edota baserri gutxiagotan dago gaur egun tolarea, nahiz eta elkarri utzi etxeko tolarea sagardoa egiteko", dio partaide kopuruaz Arrizabalagak.

Sagardoarenarekin batera, gazta txapelketa ere antolatu ohi zutela gogoratu du. "Urte dezentetan egin genuen gaztarena, baina gero, utzi egin genion antolatzeari", azaldu du. Boluntario taldean hasierako gehienek segitzen dutela dio Arrizabalagak: "Bi lagun faltako dira gaur egun, baina gainontzean, betikoak gara ia guztiok. Zaharrena, berriz, ni neu halakoren bat izango naiz, 69 urte ditut eta". Boluntario taldean betikoak bai, baina aurten kide berri bat edo beste batzea espero dute. "Iaz, sagardo txapelketa antolatzen jarduteko boluntarioak behar genituela-eta deialdia egin genuen, eta aurten, bizpahiru lagun animatzekoak dira", gaineratu du.

San Migel egunean, 08:30 alderako elkartzen dira "soziedade zaharrean, Mikel elkartean" sagardo txapelketaren antolatzaileak. Aurrena, gazta eta txorizo pintxoak prestatzen dituzte. "Ogia eta gazta mozten jarduten dugu aurrena". Gero, txorizoak moztu eta egosten jartzen dituzte, ordubetez. Txapelketan parte hartzeko sagardoa, etxe bakoitzak berea eramaten du plazara. "Sagardo bakoitzari zenbaki bat jartzen diogu, eta epaimahaikideek aurreneko itzulia egiten dute txapelketara aurkeztutako sagardoak dastatuz. Ondoren, sagardoei zenbakiak aldatu, eta bigarren itzuli bat egiten da. Sagardo txapelketa ofizialetan bezala egiten dugu", adierazi du antolatzaile taldekoak.

Aizarnazabaldarren artean estimatua da San Migel eguneko sagardo txapelketa. "Azken batean, etxeko jeneroa da txapelketakoa, eta herritarrek gustuko dute gazta edota txorizo pintxo bat janez herriko etxe batean egindako sagardoa dastatzea". Festazalea da Arrizabalaga, eta gustuko ditu herriko festak. "Lo gutxi eginda joandakoak gara sagardo txapelketa prestatzera", gaineratu du.

Egitaraua:

Gaur, irailak 25, ostirala.

  • 19:30. Jaien hasiera txupinazoarekin eta bandera jartzearekin. 
  • Ondoren, buruhandiak. 
  • 21:00. Herri afaria. 
  • Segidan, Bide Batez taldearekin dantzaldia. 

Bihar, irailak 26, larunbata.

  • 11:30. XVI. Joxe Larrarate pilota memoriala. Lehen partida: Natale Aranburu eta Olatz Ruiz de Larramendi vs. Nerea Aldaregaia eta Naroa Agirre. Bigarren partida: Aritz Olaizola eta Mikel Carmanzana vs. Xabat Sasiain eta Iker Elizegi.
  • 17:00. XV. Mus eta eskoba txapelketa. 
  • 19:00. Sakatu elektrotxaranga. 
  • 23:00. Gozategi eta Elepunto DJa.

Irailak 27, igandea.

  • 10:00. Diana herriko trikitilariekin. 
  • 11:00. XVII. Artzain Txakur Txapelketa. Parte hartzaileak: Pupi eta Bittor Bengoetxea, Beltx eta Inazio Irakulis, Zeru eta Asier Dakosta, Jack eta Pello Segurola, Turbo eta Manuel Gorriti, Thor eta Iñaki Irigoras.
  • 12:30. Umeen danborrada.
  • 18:00. Herri kirol jaialdia. Errebantxa aizkoran, 18 urtez azpiko hiru aizkolari gipuzkoarren artean: Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a eta Eneko Esnaola. Aizkolarien arteko lehia: Ugaitz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a. Harri jasotzaileen erakustaldia: Mikel Lopetegi Urra, Unax Iruretagoiena Izeta VII.a, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza. 
  • Amaitzean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.

Irailak 28, astelehena.

  • 10:00-13:00. Puzgarriak.
  • Ondoren, apar festa.
  • 15:30-17:00. Puzgarriak. 
  • 17:00. Txokolatada.
  • 18:00. Bingo musikatua.
  • 19:30. Oilar Beltzak taldea.
  • Afalondoan, Jotatxo DJa.

Irailak 29, asteartea. San Migel eguna.

  • 10:00. Diana herriko trikitilariekin.
  • 11:30. San Migel eguneko meza.
  • 12:00. 40. Sagardo eta bolo txapelketa.
  • 18:00. Sardina jana, plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta. 
  • 21:00. Jaien amaiera bandera kentzearekin eta bertso eskolako umeen bertsoekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide