Herriko gazteen bandak esnatu ditu gaur aizarnazabaldarrak, eta jarraian, ttuntturroak izan dira kalez kale ibili direnak. Euskal Jai egunaren lehen orduetan jenderik gehiena erakarri duen ekitaldia, ordea, aizarnarrek eta aizarnazabaldarrek arteko herri kirol erronka izan da. Dozenaka lagun bertaratu dira plazara, eta protagonistek ez dute hutsik; sekulako giroa sortu da. Txingak eramaten, ingudea altxatzen, korrika, harri jasotzen, lokotx biltzen, aizkoran eta trontzan nor baino nor aritu dira bi taldeetako kideak, eta lehia estua izan duten arren, azkenean etxekoak izan dira nagusi.
Herri kirol jaialdia bukatuta, kantujirakoak ibili dira herriko kaleak girotzen, eta ondoren paella jana egin dute eskola azpian, Andoni Ollokiegik girotuta. 17:00etatik aurrera, umeek eskulanak egiteko aukera izango dute Gukaren eskutik, eta 19:00etatik aurrera Ostikada elektrotxarangarekin kalejira egiteko aukera izango dute herritarrek. Gauen, berriz, 22:30ean hasita, helduen danborrada egingo dute Zubialdetik abiatuta, eta eguna bukatzeko, Obaneuke taldearekin dantzaldia.
Hona hemen datozen orduetako egitaraua:
- 17:00. Umeen txokoa, Gukaren eskutik.
- 19:00. Ostikada elektrotxaranga.
- 22:30. Helduen danborrada herrikoia, Zubialdetik abiatuta.
- Ondoren, Obaneuke taldearekin dantzaldia.