Euskal Jai eguna dute gaur Aizarnazabalen, egun bete-betea beraz. 10:00etan ekingo diote egitarauari, herriko gazteen bandaren emanaldiarekin, eta goizaldeko ordu txikietara arte luzatuko dute eguna. Bazkalaurretik joaldunak ibiliko dira herrian barrena, eta herri kirol saioa ere egingo dute Aizarnako eta Aizarnazabalgo taldeek elkarren kontra.
Eguerdi partean, indarrak hartzeko, paella jana egingo dute eskola azpian, Andoni Ollokiegik girotuta. Ondoren, 17:00etatik aurrera, umeek eskulanak egiteko aukera izango dute Gukaren eskutik, eta 19:00etatik aurrera Ostikada elektrotxarangarekin kalejira egiteko aukera izango dute herritarrek. Gauen, berriz, 22:30ean hasita, helduen danborrada egingo dute Zubialdetik abiatuta.
Gaurkoaren atariko, atzo arratsaldean bertso saioa izan zuten herriko plazan. 19:30ean hasita, Iban Gorriti Beltza, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi bertsolariak aritu ziren kantari, Igotz Alkorta gai jartzailearen esanetara. Ikus-entzuleentzat prestatutako aulki guztiak aise beteta, gustura egon ziren plazara bertaratutako dozenaka herritarrak.
Gaur, larunbata. Euskal Jai eguna
- 10:00. Herriko gazteen banda.
- 11:00. Joaldunak.
- Arratsaldera arte, argazki txokoa, .
- 12:00. Herri kirolak: Aizarnako taldea eta Aizarnazabalgoa, elkarren kontra. Txingak eramaten, ingudea altxatzen, korrika, harri jasotzen, lokotx biltzen, aizkoran eta trontza mozten ariko dira.
- Bazkalaurretik, kantujira.
- 14:30. Paella jana, eskola azpian, Andoni Ollokiegik girotuta.
- 17:00. Umeen txokoa, Gukaren eskutik.
- 19:00. Ostikada elektrotxaranga.
- 22:30. Helduen danborrada herrikoia, Zubialdetik abiatuta.
- Ondoren, Obaneuke taldearekin dantzaldia.