Maddi Barrokalek eta Oihana Orbegozok nagusitasunez gainditu zituzten Andrea Aldaregia eta Amaia Arrastia atzo arratsaldean Aizarnazabalgo plazan, Ados Pilotaren VI. Plazaz Plaza txapelketaren barruko laugarren jardunaldian, 30-13 irabazi zuten Bergarako aurrelariak eta Azpeitiko atzelariak.
Bi multzotan banatuta, sei bikote ari dira lehian aurtengo Plazaz Plazan, eta 22ra izan beharrean, 30 tantora ari dira jokatzen txapelketa. B multzoan ari dira, hain zuzen, Barrokal eta Orbegozo, bigarren partida zuten atzokoa, eta lehen puntua batu zuten; izan ere, estreinakoan, Burgosko Pancorbon (Espainia), galdu egin zuten Oskoz-Ruiz de Larramendi bikotearen kontra (30-15).
Bihar osatuko dute multzoen fasea Eltziegon (Araba), eta irailaren 5ean Artaxoan (Nafarroa) jokatuko dituzten finalaurrekoak erabakita geldituko dira han. Barrokal eta Orbegozo, beraz, biharko emaitzaren zain gelditu dira, txapelketan aurrera egingo duten ala ez jakiteko.