Aizarnazabalgo sanmigelak 2026

Herritarrei sanmigeletarako laguntza eskatu die Aizarnazabalgo Udalak

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 19a

Aizarnazabalgo helduen danborrada, iazko Euskal Jai egunean. (Mailo Oiarzabal)

Danborradan parte hartzeko, zanpantzar gisa aritzeko eta paella jana antolatzeko eta gauzatzeko herritarren laguntza behar du udalak. Prest dauden herritarrei eskatu die abuztuaren 31 baino lehen kultura@aizarnazabal.eus helbidera idazteko. Horrez gain, herritarrek helbide horretara bidali beharko dituzte hilaren 25eko txupinazoa botatzeko hautagai proposamenak ere, horiek ere hil hau amaitzerako.

Irailarekin etorriko dira Aizarnazabalgo festak. Aurrena, hilaren 18an, larunbatez, Euskal Jai eguna ospatuko dute, helduen danborrada eta guzti, eta astebete geroago ekingo diete sanmigelei, hilaren 25eko  txupinazoarekin. Udala dagoeneko ari da festetako egitarauan ixten eta egitarauaren barruko jarduerak eta ekitaldiak antolatzen, eta horietako batzuetarako laguntza eskatu die herritarrei. 

Hainbat deialdi egin ditu erakundeak. Euskal Jai eguneko danborradan parte hartu nahi duten herritarrei eta egun horretako kalejiran zanpantzar gisa irten nahi luketenei hilaren 31rako izena emateko eskatu die, kultura@aizarnazabal.eus helbidera idatzi. Zehaztu du zortzi lagun behar direla zanpantzar gisa aritzeko, eta gehiagok nahiko luketen kasuan, izen emateko hurrenkera hartuko dutela kontuan. 

Bestetik, jaietan egiten duten paella janerako ere jendea behar dela jakinarazi du udalak; paella prestatzeko, zerbitzatzeko zein aurretik eta ondoren egin beharreko lanetarako. Jarduera hori gauzatzen laguntzeko prest dauden herritarrek ere kultura@aizarnazabal.eus helbidera idatzi beharko dute, edo bestela, Idoiari adierazi beharko diote Whatsappez.

Azkenik, hilaren 25eko txupinazoa nork bota erabakitzeko laguntza eskatu du udalak. Herritarren proposamenak jaso nahi ditu, zergatiak azalduta. Herritarrek abuztuaren 31ra arteko epea dute txupinazorako proposamenak udalari helarazteko, eta horretarako ere korreo elektronikoa erabiltzeko eskatu du; beraz, herritarrek kultura@aizarnazabal.eus helbidera idatzi beharko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide