Osasun Sailaren medikazioaren erabilera hobetzeko programara batu da Aizarnazabal

Intza Trula 2026ko uztailaren 22a

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariarekin eta Izaro Oyarbide Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentearekin. (Euskadi.eus)

Programaren helburuen artean daude medikazioa lortzeko aukera erraztea, tratamenduekiko atxikimendua hobetzea eta erabiltzaileen segurtasuna indartzea. Horretarako, farmaziek sendagaien dosifikazio-sistema pertsonalizatua prestatzen die behar duten herritarrei. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak esan du "programari esker herritarrek jasotzen duten arreta hobetzen" jarraitu ahal izango dutela.

Medikazioaren erabilera hobetzea helburu duen programan sartzeko akordioa sinatu du berri du Aizarnazabalgo Udalak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak finantzatzen eta bultzatzen du programa, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargo Ofizialekin lankidetzan, eta udaletako Gizarte Zerbitzuek, osasun sistemak eta farmazia komunitarioen sareak esku hartzen dute.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileei eta familia inguruko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren onuradunei zuzenduta dago programa, eta funtzionamendua ondorengoa da: lehenik, tratamendu farmakologikoak behar bezala jarraitzeko zailtasunak izan ditzaketen herritarrak identifikatzen dituzte Gizarte Zerbitzuek, eta, ondoren, erabiltzailearen baimenarekin, farmazia komunitarioak sendagaien dosifikazio-sistema pertsonalizatua prestatzen dio herritarrari. Hau da, gailuek erabiltzaile bakoitzak behar duen medikazioa antolatzen dute, eta horri esker, pertsona bakoitzak behar dituen botikak jasotzen dituela ziurtatzen dute. Astean behin edota hamabost egunean behin izaten da hori.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea pozik agertu da sinatu berri duten akordioarekin. Haren esanetan, "oso kontuan" izan du beti udalerriko menpeko pertsonen ongizatea. Akordioari esker, "herritarrek jasotzen duten arreta hobetzen" jarraitu ahal izango dutela egin du azpimarra, eta esan du "balioa" emango zaiela "tokiko farmazialariek urte luzez eta egunero egiten duen lan handiari". Herritarrak zaintzeko lan horren "hurbiltasuna" eta "inplikazioa" ezinbestekotzat jo ditu alkateak.

Izaro Oyarbide Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentearen esanetan, Aizarnazabal programara batu izanak adierazten du farmazia komunitarioak funtsezko zeregina duela udalerri txikienetan ere: "Farmaziak gertukoak dira, herritarrak ezagutzen dituzte eta Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta daudenez, balio handiko osasun baliabideak dira, arreta pertsonalizatuagoa eta seguruagoa eskaintzeko". Ildo beretik, azpimarratu du programak frogatzen duela Osasun Sailaren, udaletako Gizarte Zerbitzuen eta farmazia komunitarioen arteko lankidetzak "aukera ematen duela tratamenduekiko atxikimendua hobetzeko, sendagaien erabileraren segurtasuna indartzeko eta erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko".

Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak azpimarratu duenez, "programa hau koordinazio soziosanitarioaren adibide argia da, eta Eusko Jaurlaritzaren Programan eta Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoen baitakoa da".

Iaz, ehun milatik gora

Hain justu ere, aipatu programaren bitartez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 108.115 dosifikazio-sistema pertsonalizatu prestatu zituzten iaz. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko 232 udalerritako 3.366 pertsona artatu zituzten, eta, era berean, medikazioa lortzeko aukera erraztu, tratamenduekiko atxikimendua hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna indartu zuten.

2009. urtetik du Osasun Sailak programa hau martxan, eta dagoeneko Arabako eta Bizkaiko udalerri guztiek parte hartzen dute bertan. Gipuzkoari dagokionez, 69 udalerri daude zerrendan, eta Aizarnazabal izan da batzen azkena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide