Sagardoaren bueltako udaroko hitzordua izan zuten atzo, larunbata, Aizarnazabalen. 11. urtez egin zuten herriko sagardo txapelketa, eta epaimahaiak horrela erabakita, Alorrenea izan zen lehiaren irabazlea. Astigarragako sagardotegiak 96,5 puntu jaso zituen, bigarren saria Gaztañagarentzat izan zen 92 punturekin, eta hirugarrena Aburuzarentzat, 87 punturekin.
Alorrenea sagardotegiaren jabeak jaso zituen txapela eta oroigarria, horretarako herriko plazan prestatua zuten oholtza gainean. Astigarragakoak ez zuen Aizarnazabalgo txapelketa irabazten zuen aurreneko aldia, baina "gustura" jantzi zuen txapela.
Aurtengo edizioan, hamahiru sagardotegik parte hartu dute txapelketan: Eula, Gaztañaga, Aburuza, Añota, Akarregi, Altzueta, Alorrenea, Petritegi, Bereziartua, Egi Luze, Ekain, Urdaira eta Izeta. Sagardotegi berdinek parte hartu zuten iazko txapelketan, eta Petritegik irabazi zuen orduan. Aurtengo txapeldunak, berriz, bigarren egin zuen iazkoan.
18:00etan hasi zen sagardoaren bueltako ekitaldia Aizarnazabalen, eta 20:00ak pasatxo amaitu zen. Epaimahaiko kideek banan-banan dastatu zituzten lehiaketara aurkeztu zituzten sagardoak, eta bakoitzari eman zioten puntuazioa erakutsi zuten jendaurrean. Bitartean, herritarrak ere postuz postu aritu ziren hamahiru sagardotegien sagardoak probatzen eta pintxoak dastatzen.