Datorren asteburuan ospatuko dituzte Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobalak

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 4a

Dozenaka lagun auzoko jaiak ospatzen. (Utzitakoa)

Ostiralean hasiko dituzte festak Aizarnazabalgo Saiatz auzoan, eta hiru egunez, hamaika hitzordu izango dituzte festarako. Kotxe bedeinkapena, jolasak, otorduak, erromeriak eta herri kirol jaialdia izango dira aurten ere han, besteak beste. Auzo afarirako txartelak bihar bitartean eskuratu daitezke Uztarri tabernan. 

Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobalak ospatuko dituzte datorren ostiraletik igandera bitartean. Auzoko jaiek ohiko bidetik joko dute aurten ere, eta hala, askotariko ekintzak izango dira hiru egunez gozatzeko. Etzi, San Kristobal egunez, jaurtiko dute festei ekiteko suziria 11:00etan, elizako kanpai hotsek lagunduta.

Festak hasi eta berehala, meza egingo dute auzoko ermitan, eta ondoren, kotxeak bedeinkatuko dituzte. Hitzordu horren ondoren, berriz, txikiteorako tartea zabalduko dute, musikak alaituta. Goizekoari segida emanez, arratsaldean txokolatada eta ume jolasak egingo dituzte, baita Astiazaran eta Andonegi trikitilariekin erromeria ere. Eguna borobiltzeko, ogitartekoak eskainiko dituzte txabolan, eta gauean, berriz ere trikitilarien txanda izango da. 

Larunbatean, bestalde, ekintza gutxiago izango dituzte Saiatzen, baina orduan ere ez dira jaiak ospatu gabe geldituko auzoan. Iluntzean, Euskal Parrilaren eskutik auzo afaria egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bihar, hilak 5, izango da afari horretarako txartelak eskuratzeko azken eguna; Uztarri tabernan salduko dituzte horiek. Afalostean, berriz, erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin. Goizaldera, txokolatea eta baratxuri zopa eskainiko dizkiete parrandazaleei.

Igandea izango dute auzoan sankristobaletako azken eguna, eta orduan, arratsaldetik aurrera izango dira festarako hitzordu denak. Arratsalde erdian, herri kirol jaialdia egingo dute Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa kirolariekin. Jarraian, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariek girotuko dute auzoa, eta gauean, ogitartekoak eskainiko dituzte txabolan afaltzeko. Afalostean, trikitilariek berriro hartuko dituzte soinua eta panderoa, eta haien doinuekin agurtuko dituzte jaiak. Ordea, festak amaitu aurretik sabela txokolatearekin betetzeko aukera izango dute festazaleek. 

Hona hemen aurtengo jaien egitaraua: 

Uztailak 10, ostirala: 

  • 11:00. Txupinazoa eta kanpai hotsak.
  • 12:00. Meza, auzoko ermitan.
  • Jarraian. Kotxeen bedeinkapena.
  • Ondoren. Txikiteoa, musikak alaituta.
  • 18:00. Txokolatada eta ume jolasak.
  • 19:30. Erromeria, Astiazaran eta Andonegi trikitilariekin.
  • 21:00etatik aurrera. Txabolan afaltzeko ogitartekoak egongo dira.
  • 22.00. Erromeria, Astiazaran eta Andonegi trikitilariekin.

Uztailak 11, larunbata: 

  • 20:30. Auzo afaria, Euskal Parrrilaren eskutik.
  • 23:00. Erromeria, Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • Goizaldera. Txokolatea eta baratxuri zopa.

Uztailak 12, igandea: 

  • 18:00. Herri kirol jaialdia. Harri Festa: Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa.
  • Jarraian. Erromeria, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.
  • 21:00etatik aurrera. Txabolan afaltzeko ogitartekoak egongo dira.
  • 22:00. Erromeriak jarraituko du Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.
  • Segidan. Festei bukaera emateko, txokolatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide