Poza barreiatu du Aizarnazabalen Jan Sano eta Bizi Pozik azokak

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Bertako produktuak erosteko eta ikusteko aukera eskaini du gaur ere Jan Sano eta Bizi Pozik azokak. Zenbait animalia ere erakutsi dituzte, eta haur asko hurbildu da haien bueltan. 

Jan Sano eta Bizi Pozik azokak hartu du gaur, zapatua, Aizarnazabalgo herria. Tokian tokiko produktuak eta ekonomia sustatzea helburu duen azokak jende asko batu du beste urte batez; izan ere, asko izan dira artisauek, herritarrek nahiz baserritarrek ekoitzitako produktuak erostera nahiz ikustera hurbildu diren herritarrak. 10:00etan zabaldu dute azoka, eta 14:30era bitartean izan dute Aizarnazabalera bertaratu direnek postuetatik igarotzeko aukera. 

Iaz idi probak izan ziren moduan, aurten ardi moztaileak izan dira frontoian, eta haiek ikusmin handia sortu dute herritarrengan. Lanbide hori ofizio duten hainbat lagun izan dira Aizarnazabalen, eta haien bueltan elkartu direnek harriduraz jarraitu dute ikuskizuna. Ardiak bakarrik ez, ahuntzak, oiloak, astoa eta zaldia ere izan dira gaurko azokan. Eskolako atarian, berriz, poni gainean ibili dira zenbait ume. 12:00etatik aurrera, bestalde, herriko gazteen bertso saioa izan da, eta ordurako askok dastatu dituzte bildotsa eta sagardoa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide