50 txirrindulari lehiatuko dira bihar erlojupeko Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan

Ane Olaizola

Gervais eta Joxe Larrarteren oroimenezko lasterketa, iaz. (Maddi Txintxurreta)

Gervaisen eta Joxe Larrarteren oroimenezko probak jokatuko dituzte bihar Aizarnazabalen, eta juniorrak, 23 urtez azpikoak zein elite mailakoak lehiatuko dira. Probek irauten duten bitartean, Iraetatik Zumaiara bitarteko errepide nagusia itxita egongo da.

Txirrindularitzako erlojupeko Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak jokatuko dituzte bihar arratsaldean Aizarnazabalen. Batetik, Gervaisen oroimenezko proba jokatuko dute elite mailakoek eta 23 urte azpikoek, eta Joxe Larrarteren oroimenezkoa junior mailako txirrindulariek. Guztira, 50 txirrindulari lehiatuko dira. 

18:00etan hasiko dira probak, eta txirrindulariak minutu bateko tartearekin irtengo dira Aizarnazabaldik. Junior gizonen txanda izango da aurrena, eta horiek 14 kilometro eta erdiko ibilbidea osatuko dute. Lehen proba 18:40an amaitzea aurreikusten dute, eta 19:00etan, junior emakumeena hasiko da; haiek ere ibilbide bera egingo dute, eta ordu laurden beranduago, elite zein 23 urtez azpiko emakumeak hasiko dira erlojupeko lasterketan, distantzia berean. Azkenik, bi maila horietako gizonen proba hasiko da 20:00etan, eta horiek 21 kilometroko ibilbidea osatuko dute banaka. 

Lasterketak eragina izango du zirkulazioan, eta probek irauten duten bitartean, Iraetatik Zumaiara bitarteko errepide nagusia itxita egongo da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide