San Migel Txiki eguna ospatuko dute ostiralean Aizarnazabalen. Arratsaldetik goizaldera arteko egitaraua prestatu dute umeei zuzendutako egun horretarako, eta askotariko ekitaldiak egingo dituzte.
Umeen krosarekin ekingo diote egitarauari arratsaldean, eta txokolatadarekin eta mezarekin osatuko dute iluntzera bitartea. Gainera, EITBren Erremontari saioaren barruko erremonte txapelketako partidak izango dira 18:00etan hasita, frontoian. Hain zuzen ere, Aiestaran VII.a eta Goikoetxea VI.a Deskargaren eta Aiestaran VI.aren aurka ariko dira lehen partidan, eta Ansa II.ak eta Zubirik Segurola nahiz Barrenetxea IV.a izango dituzte aurrez aurre bigarrengoan.
Musika izango da nagusi iluntzetik aurrera; Basajaun taldearekin dantzaldia izango da 19:30etik 21:00etara zein 22:30etik 01:00etara.
Hona hemen San Migel Txiki eguneko egitaraua:
- 16:45. Umeen krosa.
- 17:15. Txokolatada.
- 17:30. Meza.
- 18:00. Erremontari txapelketako partidak.
- 19:30-21:00/22:30-01:00. Basajaun taldearen dantzaldia