Uztailaren 1etik 30era bitartean egingo dituzte udalekuak aurten Aizarnazabalen, eta parte hartu nahi dutenek astelehenetik aurrera eman beharko dute izena. Liburutegian dituzte horretarako orriak, eta horiek bete ondoren, hantxe aurkeztu behar dira. Maiatzaren 4a izango da izena emateko azken eguna, eta antolatzaileek gogorarazi dute kontuan hartzeko maiatzaren 1a, ostirala, jai eguna dela eta liburutegia itxita egongo dela.
Aurtengo udalekuak ere HH2. mailatik LH6. mailarainoko haurrei zuzenduta egongo dira, eta udalekuen ordutegia 09:30etik 13:00etara bitartekoa izango da. Aurreneko hamabostaldirako –uztailaren 1etik 15era–, bigarren hamabostaldirako –uztailaren 16tik 30era– nahiz bietarako eman daiteke izena. Herrian erroldatutako umeek zein herritik kanpokoek har dezakete parte Aizarnazabalgo udalekuetan, baina kanpokoek zertxobait gehiago ordaindu beharko dute izen ematea: hamabostaldi baterako izena ematen dutenen kasuan, herrikoek 90 euro eta herritik kanpokoek 100 ordaindu beharko dute; eta udalekuetako bi hamabostaldietarako izena ematen dutenei dagokienez, herrikoek 180 euro ordaindu beharko dute, eta herritik kanpokoek 200 euro.
Udalekuetarako transferentzia Guraso Elkarteko kontura egin beharko da maiatzaren 6a baino lehen.