Aizarnazabalgo umeek ere egin dute Korrika Txikia

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 27a

Korrika Txikia egin duten ikasleak gaur goizean, eskolako jolastokian. (Utzitakoa)

Gaur goizean egin dute euskararen aldeko egitasmoa Lardizabal eskolako ikasleek. Bihar iritsiko da 24. Korrika Urola Erdira, eta Aizarnazabaldik igaroko ez bada ere, hango udalak nahiz EH Bilduk kilometro bana erosi dute. Ondorioz, horretarako izena eman duten herritarrek eramango dute lekukoa bi eragile horien izenean, Lasao inguruan.

Aizarnazabalgo umeek ere egin dute Korrika Txikia. Gaur goizean egin dute euskararen aldeko egitasmoa, Lardizabal eskolako ikasleek, eta gogotik gozatu dute. Petoak eta burukoak jantzita aritu dira korrika, Korrikako pankartaren atzean; euskararen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dute txikienek ere.

Aizarnazabaldik ez da pasatuko 24. Korrika, baina hango udalak nahiz EH Bilduk kilometroak erosi dituzte. Ondorioz, bihar, larunbatez, bi eragile horien izenean lekukoa eraman ahal izango dute izena eman duten herritar denek Lasao inguruan; horiek Aizarnazabal ordezkatuko dute aurtengo Korrikan. Izan ere, bihar iritsiko da Korrika Urola Erdira, eta Errezil, Azpeitia, Azkoitia nahiz Zestoatik igaroko da.

Aizarnazabal Biziberritzen egitasmoko kideek Lasaora joateko deia egin diete herritarrei, eta gainera, hango industrialdera kotxez joateko juntadizoa jarri dute: 16:30ean elkartuko dira Aizarnazabalgo udaletxearen aurrean, eta autoak beharko direla adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide