Aizarnazabalen ostiral iluntzeak "biziberritzeko" proposamena egin du Adiskidek

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 13a

Indamendi eraikina, Aizarnazabalgo gaztetxearen egoitza. (Mailo OIarzabal)

"Ostalaritza sektoreak herrian bultzada" behar duela iritzita, ekainera bitartean gaztetxeko barra gazteen eta herritarren arteko elkarlanean irekitzeko egutegia osatzea nahi dute. Irekiera ordutegiak eta txanden funtzionamendua zehaztuta dituzte.

Aizarnazabalgo gaztetxeko barra irekita izango da gaur iluntzean eta, Adiskide gazte elkartekoen asmoak aurrera egiten badu, ekaina bitarteko ostiraletan ere bai. "Ostalaritza sektoreak herrian bultzada" behar duela iritzita, proposamena egin dute Adiskidekoek, Ostiralak Biziberritzen izenarekin: ekainera bitartean gaztetxeko barra gazteen eta herritarren arteko elkarlanean irekitzeko egutegia osatzea nahi dute, eta irekiera ordutegiak eta txanden funtzionamendua zehaztuta dituzte, besteak beste.

"Ostiral askotan nabaritu dugu iluntzetan gero eta giro eskasagoa dugula Aizarnazabalen: jende gutxiago gabiltza, goiz erretiratzen gara... Ostalaritza sektoreak herrian bultzada behar duela iruditzen zaigu", diote Adiskidekoek. Une honetan, Uztarri da herrian irekita dagoen taberna bakarra.

Herritarrak "gero eta gehiago" antolatzen ari direla ere sumatu dute, ordea, herriko gazte elkartekoek, eta "lanerako borondate" hori baliatuta antolatu dute "Uztarriz gain beste bilgune bat ere izateko, herritarren artean gaztetxeko barra kudeatzeko plana".

Txandak eta antolaketa

Ekainera arte ostiralero, 18:30etik 21:30era ireki nahi dute gaztetxeko barra, eta hori egin ahal izateko, lau laguneko txandak eta ekaina bitarteko "egutegi piubliko bat" osatzea proposatu dute. Txanda bakoitzeko laukoteak Adiskideko bina kidek eta bina herritarrek osatuko lituzkete.

Ostiralean barra ireki aurretik gaztetxea garbitzeaz, edariak erosteaz eta hozteaz zein kutxa prestatzeaz gaztetxeko kideak arduratuko dira. Txanda bakoitzaren amaieran, berriz, txandakoek erratza pasatu eta edukiontziak hustu beharko dituzte.

"Herriko kuadrilei" egin diete deialdia Adiskidekoek, beren proposamena aurrera ateratzeko "antolatu eta parte hartu" dezaten. "Zenbat eta boluntario gehiago izan, are giro ederragoa lor dezakegu!", bota dute erronka Aizarnazabalgo gazte elkartekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide