Aizarnazabal Biziberritzen taldeak Uztarri taberna dagoen eraikina eskuratzeko eskatu dio udalari. Herriko zerbitzuen eta aisialdi ereduaren inguruko kezketatik abiatuta sortu zuten Aizarnazabal Biziberritzen taldea, baina urte berriarekin batera, Uztarri tabernaren itxierarena gehitu zaie. Hain esanetan, "herriaren bilgune esanguratsuenetakoa" da Uztarri, eta hura aizarnazabaldarrentzat egokitzea nahi dute taldekideek.
Taldeak kaleratu duen idatzian azaldu du zerbitzuek eta baliabideek pertsonen joan-etorrian "eragina" dutela. "Egoerak zer pentsatu ematen du. Zein izango da aurrerantzean herriaren itxura? Non mugituko da jendea? Aizarnazabalen kale-bizitzarik nabarituko al da? Zerbitzu eta elkarguneak murriztuta, lotarako herri izatearekin konformatu behar al dugu? Non biziko dira gure gazteak? Non haziko eta eskolaratuko haien umeak?", galdetu dute.
Galderak beste kezka ditu taldeak. Udalarekin elkarlanean, "zerbait egin beharra" dagoela uste dute haiek, eta egoera iraultzen hasteko, Uztarriren eraikina "aukera aproposa" da. "Uztarri izaera sozial eta publikokoa izatea nahi dugu, herritarren esku egon dadin. Udalak hori eskuratzeko ahalegina egitea nahi dugu, toki arrotz bilakatu beharrean", nabarmendu dute. Gainera, Aizarnazabal Biziberritzen taldekoek diote Uztarri "sinbolismoz betetakoa" eraikinean dagoela. "Baserri itxurako apurretakoa da, herriaren erdigunean dagoena, beste udal eraikinen ondoan. Gainera, plazako lanen indarberritze helburuarekin bat egingo luke", diote.
Ostiralean, mahai informatiboa
Hilaren 5ean eta 9an bezala, etzi, ostirala, mahai informatiboa jarriko dute talde horretako kideek udaletxe azpian; 18:00etatik 20:30era bitartean arituko dira Aizarnazabal Biziberritzen taldeko kideak beren asmoen berri ematen. Era berean, sinadura bilketa bat ere martxan dute, Uztarri herriarena izatea eskatzeko.
Hori hala, herritarrek eskakizun horren aldeko sinadura emateko aukera izango dute etzi. "Udalari prozesu honetan babesa emateko tresna gisa erabiliko dira sinadurak, herritar gehienon nahia hori dela adierazteko eta etorkizun laburrean egin beharrekoan aurrean, elkarlanean aurrerapausoak emateko", azaldu dute taldeko kideek.
Bilera irekia
Bestalde, hilaren 21ean, asteazkenez, herritar guztiei zuzendutako bilera irekia egingo dute gaztetxean. 18:00etan hasiko dute batzarra, eta bertan Aizarnazabal Biziberritzen taldeak abian duen prozesuari buruzko xehetasun guztiak azalduko dituzte taldekideek.