Azken txanpara iritsi dira Aizarnazabalgo Saiatz auzoko San Kristobal festak, baina ez gozatu gabe. Izan ere, ostegunaz geroztik, askotariko ekitaldiak egin dituzte auzo horretan, atzo iluntzean azkenak.
Euskal Parrillak prestatuta, auzo afaria egin zuten ehundik gora lagunek, eta ondoren, erromeri bikoitzaz gozatu ahal izan zuten hara joandakoek. Hain zuzen ere, Lajak eta Narbaizak nahiz Ansorregik eta Larrañagak trikiti doinuak eraman zituzten plazako agertokira, eta dantzarako abagunea izan zuten herritarrek.
Gaur izango da sankristobaletako azken eguna, eta egun osorako egitarau oparoa prestatua du festa batzordeak. Besteak beste, meza, herri kirol erakustaldia, erromeria eta txokolate jana izango dituzte.
Hona hemen, gaurko, igandeko, egitaraua:
- 12:30ean, meza auzoko ermitan.
- 18:00etan, herri kirol jaialdia, harri festa: Jokin Eizmendi, Mikel Lopetegi Urra, Lierni Osa eta Unax Iruretagoiena.
- Jarraian, erromeria: Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga.
- 21:00etatik aurrera, Txabolan afaltzeko bokadiloak egongo dira.
- 22:00etan, erromeria: Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga.
- Festei bukaera emateko, txokolatea.