Joseba Ostolazaren eskolako harri jasotzaileek hiru marka pertsonal ezarri dituzte Aizarnazabalen

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 16a, 08:08

Xabier Aranburu 'Guzta' urrestildarra Xiete harria altxatzen, larunbat arratsaldean, Aizarnazabalen. (EITB)

Xabier Aranburu Guzta urrestildarrak 190 kiloko Xiete harriari altxaldi bat eman dio, Estefania Etxebestek hamabost aldiz jaso du 100 kiloko kopa, eta Gari Garmendiak 251 kiloko errektangularra jasotzea lortu du. Helburuak betetzat eman dituzte hirurek.

Larunbat arratsaldean Joseba Ostolazaren eskolako hiru harri jasotzaile protagonista izan ziren herri kirol jaialdia egin zuten Aizarnazabalen: Xabier Aranburu Guzta, Estefania Etxebeste eta Gari Garmendia. Hirurak errekor pertsonal berri bana ezartzeko asmoarekin atera ziren plazara, eta helburua betetzea lortu zuten hirurek.

Guzta urrestildarrak bost minutuko denboran 190 kiloko Xiete harriari altxaldi bat ematea jarri zion helburu bere buruari; Etxebestek, minutu batean 100 kiloko kopari ahalik eta jasoaldi gehien egitea; eta Garmendiak, hiru minutuko denboran 251 kiloko errektangularra altxatzea. Guztak eta Garmendiak altxaldi bana eginda, erronka betetzat jo zuten; eta Etxebeste ere gustura gelditu zen lortutakoarekin, 100 kiloko kubikoa hamabost aldiz sorbaldara jasota.  

Harri jasotzaileez gain, aizkolariek ere parte hartu zuten larunbat arratsaldeko jaialdian. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide