Guraso etorkinek euskaraz ikasteko egitasmo berritzailea aurkeztu dute Aizarnazabalen

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 29a, 16:54

Etorri euskarara! izeneko ikastaroak urritik aurrera jarriko dituzte martxan 40 udalerri euskaldunetako 45 eskoletan. AEK-k, UEMAk eta hainbat udalek elkarrekin ondu dute proiektua.

Euskararen normalizaziorako berebiziko erronka bati erantzuteko elkartu dira UEMA, AEK eta hainbat udal: etorkinei euskara eroso ikas dezaten baliabideak ematea. Zehazki, udalerri euskaldunetan bizi diren gurasoei zuzendutako doako ikastaroak martxan jarriko dituzte urrian. Etorri euskarara! izena eman diote 40 udalerritako 45 hezkuntza zentroetara zabalduko duten egitasmoari, eta Aizarnazabalen aurkeztu dute, herri horretako Basakaitz eskola izango baita ikastaroa eskainiko duenetako bat. 

Seme-alabek euskaraz egiten dute, baina gurasoek edo gurasoetako batek ez; Aizarnazabal bezalako arnasguneetan errotu diren etorkinen kasuan, sarri errepikatzen den kasuistika da hori. Egoera hori bizi du Roberto Reyesek: mexikarra da, hiru urte daramatza Aizarnazabalen bizitzen, eta "gutxi" egiten du euskaraz, bere semearen aldean. "Batzuetan, atzerritik gatozenoi zaila egiten zaigu gure seme-alabekin ongi ez dakigun hizkuntza batean komunikatzea", agertu du Aizarnazabalgo aurkezpenean.

Bada, Reyesen antzeko egoera bizi duten herritarrek euskara ikas dezaten eta euskal komunitateko kide izan daitezen sortu dituzte Etorri euskarara! ikastaroak. Ekimena martxan jarriko duten eskoletan emango dituzte klaseak hurrengo ikasturtean zehar, astean bi egunetan, orotara 150 ordu osatu arte.

Uemak 2021-2022 ikasturtean Zaldibian probatu eta 45 hezkuntza zentroetara zabaldu zen Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoan parte hartu duten udalerrietan eskainiko dituzte Etorri euskarara! ikastaroak. Hala ere, ikastaro berritzailea izango da urrian hasiko dena, Uemak eta AEK-k berariazko metodologia landu baitute.

Aizarnazabalgo Lauburu eraikinean egin duten aurkezpenean, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak gogoratu du herri horretan bertan sortu zela UEMA 1991n, udalak euskalduntzea helburu. 34 urteren ostean, plazak erdaldundu direla aintzat hartuta, bere estrategia kalera zabaldu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Ildo horretatik, nabamendu du "estrategikoa" dela gaur arratsaldean aurkeztu duten egitasmoa. Izan ere, ikastaroek euskarara hurbiltzeko aukera emango diete gurasoei, esparru akademikoa alde batera utzita, beren eguneroko zereginetan erabiltzeko. Azpimarratu du, gainera, Aizarnazabal bezalako arnasguneak direla halako proiektuak garatzeko "ekosistemarik egokienak".

Aize Otaño (AEK): "Guraso hauengana iristeko, garrantzi handia du, guretzat, haien kultura errespetatzeak, herriaren eta herritarren identitateak trinkotzeko"

Aize Otaño AEKren Nazio Kontseiluko kideak oroitu du AEKren erronketako bat dela euskararen familia transmisioan eragitea. Itu hori ahalik eta familia gehienetara zabaltzeko, esan du ezinbestekoa dela "Euskal Herrira etorri diren gurasoak euskalduntzea eta haiekiko zubiak eraikitzea". "Bi noranzkoetako zubiak", zehaztu du: "Guraso hauengana iristeko, garrantzi handia du, guretzat, haien kultura errespetatzeak, herriaren eta herritarren identitateak trinkotzeko".

Otañok, halaber, eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartuko duten herrietako udal guztiei, egitasmoaren “kostua ordaintzeagatik ikastaroak doakoak izan daitezen, herritarren eskubidea baita euskara doan eta eroso ikastea”.

Eskoletatik kanpo ere bai

Etorkinei zuzendutako eta eskoletan emango diren ikastaroak izango diren arren, euskal komunitate osoaren inplikazioa eskatuko dute, eta hezkuntza zentroetatik haragoko eragina bilatuko dute, Maialen Otegi AEK-ren Irakaskuntza arduradunak ohartarazi duenez.

Eskoletan, eduki eta estrategiak eskainiko dizkiete ikastaroetan izena emango duten gurasoei, hizkuntza barneratu eta euskarazko komunikazioa erraztu dezaten. "Gakoa -esan du Otegik- ikasleen beharretara egokitzea da". Baina bigarren esparru bat ere jorratuko dute, zehaztu duenez: "Garrantzia emango diogu eskolez kanpoko lanari, bestelako ekintzak planteatuta: adibidez, saio irekiak ikastetxeko gainontzeko kideekin, edota kultura-agendan parte hartzera bultzatu".

Hori dela eta, dei egin die Etorri euskarara! ikastaroak martxan jarriko diren herrietako guraso euskaldunei "bidelagun" izan daitezen. "Izan ere, bi komunitateen arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da euskara hizkuntza soziala izan dadin: etxekoa, kalekoa eta ikastetxekoa", errepikatu du AEK-ren Irakaskuntza arduradunak.

Mari Karmen Arregi (Aizarnazabalgo alkatea): "Aizarnazabalgo hizkuntza guztiei keinu egin nahi diegu, baina zubi-hizkuntza euskara izatea da gure helburua"

Begirada egunerokoan

Aizarnazabalen hiru ikasturte daramatzate Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa eskolan zein herri-mailan lantzen, eta lan asko egin behar izan dutela aitortu duen arren, proiektuaren inguruko balorazio positiboa egin du Mari Karmen Arregi alkateak. "Hizkuntza eta kultur aniztasuna oinarri dituen begirada eskaini digu, eta egunerokoan dugu begirada hori gogoan". Halere, esan du proiektuak "erronkak" ere azalarazi dituela: "Aizarnazabalgo hizkuntza guztiei keinu egin nahi diegu, baina zubi-hizkuntza euskara izatea da gure helburua. Horretarako, gurasoen gaitasunean eragitea beharrezkoa da, gehiagok, gehiagotan eta gehiagorekin egin dezagun euskaraz".

Ikastaro berriak, beraz, "euskararen normalizazioan aurrera egiteko" bide emango duen esperantza agertu du Arrate Makazaga Basakaitz herri eskolako zuzendariak, baina nabarmendu du "eskolak bakarrik" ezin duela hori egin, eta herritarren inplikazioa eskatu du. "Bidea elkarlana da", berretsi du.

Aurrematrikula, zabalik

Urrian abiatuko dira ikastaroak, eta 150 ordukoak izango dira. Astean bi saio eskainiko dira, bina ordukoak. Ikastetxean bertan eta eskola-orduetan eskainiko dira.

Dagoeneko zabalik da aurrematrikula, ekainaren 30a artean. Izena emateko aukera egongo da ikastetxeetan zein online, esteka. Datozen egunetan jasoko dute gurasoek informazio guztia, ikastetxeen zein udalen bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide