"Faxismoaren aurka ausardia eta aliantza feministak" aldarrikatu dituzte Aizarnazabalen

Intza Trula 2025ko mar. 8a, 20:30

Martxoaren 8a izanik, mendi irteera, hamaiketakoa, triki-poteoa eta elkarretaratzea egin dituzte herrian. Horrez aparte, emakumeen binakako pilota partidak jokatu dituzte Atari Soro pilotalekuan.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, aldarri feministak entzun dira Aizarnazabalen ere. Mugimendu Feministak eta udalak antolatuta, egun osoko egitaraua izan dute gaurko egunean.

Goizean, haizeak gogor jotzen bazuen ere, Indamendira mendi martxa egin dute hainbat lagunek. Bueltan, indarrak berreskuratzeko eta sabela betetzeko hamaiketakoa egin dute gaztetxean. 

Arratsaldean, berriz, emakumeen binakako pilota txapelketak jokatu dituzte Atari Soro pilotalekuan. Lehenengo neurketan, Gomezek eta Sagarduik osatutako bikoak 22-9 irabazi dio Insaustik eta Vertizek osatutakoari. Bigarren txandako partidan, 22-15 irabazi diete R. Infantek eta Orbegozok Aranbururi eta Mujikari.

Jarraian, poteoa egin dute herrian, trikitiaren eta panderoaren doinuek alaituta. Eguna amaitzeko, ohikoa den moduan, udaletxearen aurrean elkartu dira herritarrak, eta elkarretaratzea egin dute bertan, bertso eskolako ikasleen bertsoek girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide