Aurretik eskualdeko hainbat herritan egin ondoren, Aizarnazabalen aurkeztu zuten atzo, ostiralez, Biolur elkarteak Iraetako Amillubi baserriko lurretan lehen sektorea eta elikadura sistema "indartzeko" abian duen proiektua. Lauburu eraikineko beheko solairuan egin zuten aurkezpena, 18:00etan hasita.
Biolurrek Amillubi Lurra Taupaka proiektua abiatu zuen iaz, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta haren lur eta basoak erosteko urratsak modu kolektiboan eginda. Egitasmoarekin "lurra ondasun kolektibo bilakatzea" du helburu Biolurrek. Amillubi baserria eta lurrak erosita, lurra "espekulaziotik eta artifizializaziotik" babestu nahi dute, lehen sektorea eta elikadura sistema "indartzeko". Proiektua zertan datzan azaldu zuten atzo Aizarnazabalen egindako aurkezpenean.