Belamendi nagusi, Aizarnazabalgo XXVIII. Kintopeko Idi Probetan

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 31a, 13:53

Aizarnazabalgo XXVIII. Kintopeko Idi Probetako irabazleak, beren sariekin. (Utzitakoa)

Atzo jokatu zen Aizarnazabalgo XXVIII. Kintopeko Idi Demen hirugarren eta azken proba. Errezilgo Belamendiren idiek lortu dute aurtengo markarik onena, 52 plaza osatuta. 

Hiru egunez XXVIII. Kintopeko Idi Probak jokatu dituzte Aizarnazabalgo dema plazan. Saio guztiak jokatuta, Errezilgo Belamendi izan da lehiako irabazlea, bere idiek orotara 52 plaza osatu baitituzte. Horrenbestez, harentzat izan dira irabazlearen manta, garaikurra eta 1.300 euroak. Bigarren postua lortu du Orioko Olidenek, bere idiek 50 plaza, zazpi zinta eta 2,32 metro osatuta. Hirugarren saria, aldiz, Urrestillako Olalderentzat izan da, eta bere idiek 48 plaza, hiru zinta eta 1,84 metro egin dituzte.

Eskualdeko demalarien artean, aipatutakoez gain, Aizarnazabalgo Etxabe Palaziok bosgarren postua eskuratu du, bere idiek 46 plaza, zazpi zinta eta 2,80 metro osatuta; Errezilgo Bixkikek, aldiz, bederatzigarren postua lortu du, 38 plaza, zinta bat eta 1,22 metro osatuta.

Guztira, hamar demalari lehiatu dira Aizarnazabalen: larunbateko saioan, Etxabe Palazio (Aizarnazabal), Olalde (Urrestilla) eta Billabasoren idiek neurtu zituzten indarrak; astelehenean, berriz, Oliden (Orio), Igeldo (Ezkio) eta Zornotzak (Zalla) parte hartu zuten; eta azken egunean, atzo, Olatzar (Lezo), Belamendi (Errezil), Lopategi (Birle) eta Bixkik (Errezil) demalariek.

Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako puntuagarriak izango dira Aizarnazabalen lortutako emaitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide