Aizarnazabalgo XXVIII. Kintopeko Idi Probak jokatuko dituzte larunbatetik

Ane Olaizola 2024ko uzt. 25a, 10:44

Aizarnazabalgo Kintopeko Idi Probak, artxiboko irudi batean.

Guztira, hamar demalari lehiatuko dira hiru egunez, eta emaitzak Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako puntuagarriak izango dira.

Hiru egunez XXVIII. Kintopeko Idi Probek hartuko dute Aizarnazabalgo dema plaza. Izan ere, Aipe elkarteak antolatuta, idi demak jokatuko dituzte datorren larunbatean, astelehenean eta asteartean herrian, 22:00etan hasita, eta Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako puntuagarriak izango dira hango emaitzak.

Guztira, hamar demalari lehiatuko dira Aizarnazabalen: larunbateko saioan, Etxabe Palazio (Aizarnazabal), Olalde (Urrestilla) eta Billabasoren idiek neurtuko dituzte indarrak; astelehenean, berriz, Oliden (Orio), Igeldo (Ezkio) eta Zornotzak (Zalla) parte hartuko dute; eta azken egunean, asteartean, Olatzar (Lezo), Belamendi (Errezil), Lopategi (Birle) eta Bixkik (Errezil) demalariek.

Sariei dagokienez, irabazleak manta, garaikurra eta 1.300 euro jasoko ditu; txapeldunordeak, 1.200 eta garaikurra; eta hirugarren postuan geratzen denak, 1.100 euro eta garaikurra. Ondorengo postuetan geratzen direnek ere 950 eta 500 eurora arteko diru sariak izango dituzte, beti ere 30 plaza osatzen badituzte. Plaza kopuru horretara iritsi ezean, 300 euroko dieta emango diete antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide