Iago magoak txunditu ditu Saiazko haurrak San Kristobal egunez

Intza Trula 2024ko uzt. 10a, 19:40

San Kristobal eguna da gaur, eta festa giro betea izan dute Aizarnazabalgo Saiatz auzoan. Goizean meza eta autoen bedeinkapena egin dituzte, eta arratsaldean, gozatua hartu dute haurrek Iago magoarekin.

Asteburuan motorrak berotu ostean, gaur, San Kristobal egunez, jarraitu du jai giroak Aizarnazabalgo Saiatz auzoan. Eguerdian, meza eta autoen bedeinkapena izan dituzte auzoko ermitan, eta, ondoren, txikiteoa, Astubik alaituta. Arratsaldean, haurrentzako ekintzekin jarraitu dute ospakizunek: hain zuzen ere, 17:00etan hasita, Iago magoak ikuskizuna eskaini du, eta haurrak txundituta gelditu dira. Horren segidan, txokolatada eta ume jolasak izan dira.

Umeen ekintzak amaitzean, erromeriaren txanda izan da; Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek alaitu dute auzoa. Iluntzean, ogitartekoak banatu dituzte txabolan, eta erromeriak jarraitu du auzoan. Goizaldera, gainera, txokolatada egingo dute.

Horrenbestez, hurrengo urtera arte agurtu dituzte festak Saiatz auzoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide