Deskantsurako tarterik ez dute izango Aizarnazabalen iraileko azken asteetan; izan ere, 21ean Euskal Jai Eguna ospatuko dute, eta ondorengoan helduko diete samiliei. Udala dagoeneko hasi da jaietarako prestatzen, eta jakinarazi duenez, zenbait berrikuntza izango dira: herri kirolak, danborrada eta konpartsa berreskuratu nahi dituzte aurtengo jaietan, eta horietan parte hartzeko izen ematea zabalik egongo da irailaren 1era bitarte.
Herri kirolak Euskal Jai Egunean egingo dituzte, irailaren 21ean. Auzo eta kale ezberdinetan bizi diren herritarrek osatutako taldeak izango dira. Taldeak izen emateen arabera osatuko dituzte, eta jokoak ere zehazteko daude oraindik. 14 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta izen ematea liburutegian egin beharko da.
Danborrada egun berean egingo dute, 22:30ean hasita. Entseguak irailean zehar egingo dituzte, eta ordua eta egunak aurrerago jakinaraziko dituzte. 14 urtetik gorakoek eman ahal izango dute izena, liburutegian bertan edota 678-83 12 68 zenbakira Whatsapp mezua bidalita.
Konpartsa, berriz, irailaren 27an egingo dute, herri afariaren ondoren. Lehen entsegu orokorra uztailaren 27an izango da, 12:00etan; gainerako guztiak, ordea, irailean egingo dituzte. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta izen ematea liburutegian egin daiteke.