Etxabe Palaziok irabazi ditu Aizarnazabalgo XV. Uztarri Motzeko Idi Probak

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 11a, 10:12

Etxabe Palazio txapelarekin, idia mantarekin, itzaiak eta lagunak, atzo gauean Aizarzanabalgo plazan. (Utzitakoa)

Etxeko lehiakidearen idia atzo aritu zen plazan, hirugarren eta azken jardunaldian, eta 46 plaza egin zituen. Errezilgo Txokolate izan da bigarrena, eta Bermeoko (Bizkaia) Asier Alegria hirugarrena.

Etxeko ordezkari bat nagusi izan da Aizarnazabalgo XV. Uztarri Motzeko Idi Probetan. Ostiralean, zapatuan eta atzo jokatu dituzte idi bakarrarekin jokatutako probak. Jardunaldi bakoitzean hiru lehiakide aritu dira, bederatzi guztira, eta atzo, hirugarren eta azken egunean, lehiatu zen Etxabe Palazioren idia izan da markarik onena egin duena: 46 plaza. Horrenbestez, Aizarnazabalgo idizalearentzat izan da etxeko manta. 600 kilo pisatu zituen Etxabe Palazioren idiak eta, horrenbestez, gainkargarik gabe egin zituen lanak, Iñaki Urrutia eta Jon Peña itzaiek gidatuta.

Eskualdeko beste ordezkari bat, Errezilgo Txokolate, sailkatu da bigarren tokian, eta Bermeoko (Bizkaia) Asier Alegria hirugarrenean. Aizarnazabalgo beste lehiakidea, Enbil, zazpigarren sailkatu da.

Hona hemen Aizarnazabalgo XV. Uztarri Motzeko Idi Proben sailkapena:

  1. Etxabe Palazio (Aizarnazabal): 46 plaza.
  2. Txokolate (Errezil): 45 plaza, sei zinta eta 1,94 metro.
  3. Asier Alegria (Bermeo, Bizkaia): 45 plaza eta 2,34 metro.
  4. Erkoreka (Laukiz, Bizkaia): 45 plaza.
  5. Mendigoiti (Eibar, Gipuzkoa): 42 plaza eta 1,83 metro.
  6. Elorrieta (Laukiz, Bizkaia), 40 plaza.
  7. Enbil (Aizarnazabal): 38 plaza, zazpi zinta eta 2,88 metro.
  8. Garaiar (Oiartzun, Gipuzkoa): 36 plaza, zazpi zinta eta bi metro.
  9. Igeldo (Igeldo, Gipuzkoa): 35 plaza eta 1,57 metro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide