Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak jokatuko dituzte bihar Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko eka. 10a, 17:00

Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketako irudia, iaz. (Andoni Elduaien)

Esaterako, Gervaisen eta Joxe Larrararteren oroimenezko probak jokatuko dituzte, 18:00etatik hasita. Lasterketek irauten duten bitartean Iraeta eta Zumaia arteko bidea itxita egongo da, beraz, autoek Ibañarrietatik joan beharko dute.

Txirrindulariek hitzordu garrantzitsua dute bihar arratsaldean Aizarnazabalen, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak jokatuko baitituzte han; horien artean, Joxe Larrarteren eta Gervaisen omenezko lasterketak korrituko dituzte. Probek eragina izango dute trafikoan, eta jakinarazi dutenez, 18:00etatik 20:30era bitartean Iraetatik Zumaiara bitarteko errepidea itxita egongo da, eta, horrenbestez, autoek Ibañarrietatik joan beharko dute. 

Hori hala, gizonen eta emakumeen 23 urtez azpiko eta junior mailako, emakumeen Elite mailako eta egokitutako txirrindularitzako lehiek hartuko dute bihar Aizarnazabal. Junior mailakoen lasterketa, Joxe Larrarteren omenezkoa, izango da lehen lasterketa. 18:00etan hasiko da, eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren arabera, hamabost kirolarik eman dute izena proba horretarako. Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 14,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 

Jarraian, egokitutako txirrindularitzako proba eta emakumeen lasterketak jokatuko dituzte –horiek ere junior mailakoen ibilbide bera osatu beharko dute–. Txirrindularitza egokituan zazpi kirolarik parte hartuko dute, eta lehenengo txirrindularia 19:00etan aterako da Aizarnazabaldik. Emakumeen lasterketak, berriz, 19:07ean hasiko dituzte, hiru mailatan banatuta: juniorrak, 23 urtez azpikoak eta Elite maila. Aurten, juniorretan zortzi txirrindularik eman dute izena, zazpik 23 urtez azpikoetan eta bostek Elite mailan. 

Biharko azken lasterketa Gervaisen oroimenezkoa izango da, 20:00etan, eta gizonen 23 urtez azpikoen mailako hamabi txirrindularik eman dute izena bertan. Lasterkari horiek egin beharreko ibilbidea honakoa izango da: Aizarnazabal-Iraeta-Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal. 21 kilometro izango dira egin beharko dituztenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide